Herritar andana gerturatu da Sagardotegi plazara, Aire Garbia errausketaren aurkako herritar plataformak egindako deiari erantzunez. Gipuzkoako Foru Aldundiak (EAJ eta PSE-EEren esku legealdi honetan) adierazi du martxan jarriko duela berriro errauste planta eraikitzeko proiektua. Egitasmo eta hondakinak kudeatzeko eredu horren aurka daudela adierazteko agerraldia egin du Aire Garbiak, eta baita datorren larunbatean egingo duen manifestaziora joateko deia egiteko ere. Errausketaren aurkako aldarria 17:00etan hasiko da, Okendo plazan, hilaren 21ean.
Errauste planta Teresategi pinutegiaren parean eraikitzeko asmoa du Aldundiak, ibaiaren beste aldean. Pnutegi hori hartu du sinbolotzat plataformak gaurko agerraldian: "Teresategi dugu Lasarte-Oriako baliza; zuhaitz multzo horren azpian du tokia herriak mundu honetan. Bertan biltzen dira porlana, ibai eta berdeguneak, etxe eta kaleak. Baita ere emakume eta gizonak, ume eta helduak, haien amets, egindako gauza eta oraindik egiteke dituztenak", adierazi dute. "Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariek furano eta dioxidodun hodeia isuri nahi dute Teresategiko zeru garbi eta eguzkitsuan; hilda dagoen mamua berpiztu nahi dute, ibaiaren beste aldean dagoen mendia zaurituz mamu horren habia egiteko".
Manifestazioa datorren larunbatean
Plataformako kideek azaldu dutenez, Teresategiko pinutegia erabili dute Aire Garbiaren ikur gisara, "iturri eta birika" gisara. "Birika horiek erabili nahi ditugu hodei kutsakor horri putz egin eta uxatzeko, eta baita herritarrei deia egiteko ere, datorren larunbateko manifestaziora ager daitezen". Arratsaldeko bostetan abiatuko da errausketaren aurkako aldarri hori Okendo plazatik.
Agerraldia amaitu aurretik, errauste plantaren proiektua gelditzea "posible" dela nabarmendu dute plataformako kideek, eta Teresategiko pinutegia "dagoen bezala" mantendu nahi dutela, "Lasarte-Oriako baliza inguruko herriekin eta mundu osoarekin partekatzeko".