Erosketa zorroak goraino beteta

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko uzt. 22a, 22:09
Sendoki elkarteak Santa Anako azoka antolatu du 34. aldiz. Uztaileko azken aurreko asteburuko zita hau ohitura bihurtu da herritarrentzat, eta ez dute aukera pasatzen utzi: dozenaka postutako produktuak ikusten eta erosten pasa dute eguna

Artisautza plazara atera da asteburuan. Sendoki elkarteak 34. aldiz antolatu du Santa Anako azoka; 50 postu baino gehiago eduki dituzte lasarteoriatarrek aukeran, Okendo plazan eta Antonio Mercero gunean. Uztaileko azken aurreko asteburuko zita hau ohitura bihurtu da; herritarrek ez dute hutsik egin eta hainbat produktu ikusi eta erosi dituzte. Arropa, eskuz egindako saskiak eta pilotak, erroskilak, pastelak, hestebeteak, txorizoa, gazta, euskal pastela, ukenduak, zapatak... Erosketa poltsa goraino beteta etxeratu zen erosle bat baino gehiago.

Etxeko txikienek ere ez zuten aspertzeko astirik izan, antolatzaileek tailerrak prestatu zituztelako haientzat. Horietako batean egurra lantzen aritu ziren, Zurjole akademiako kideen argibideak adi entzunez.
Plazatik kanpo ere arnastu zen Santa Ana giroa. Hobe esanda, usaindu eta dastatu: herriko sei tabernak egun berezi horretako pintxo klasikoa prestatu zuen. Osagaiak, berdinak denentzat: bakailaoa eta piperrak. Taberna horietako bakoitzak bere erara interpretatu zuen errezeta, eta pintxo benetan goxoak prestatu.

Produktuak erosteaz gain, herritarrek zuzenean ikusi zituzten hainbat artisauren lanak. Esate baterako, bolillerek duten abilezia josterako orduan. Edo Zurmailu elkarteko kideek nola lantzen duten egurra. Merezi du zuzen-zuzenean ikusteak.

Jende andana arratsaldean ere 

Eguraldi bikaina lagun, arratsaldean ere giro ederra egon zen Santa Anako artisautza azokan. Goizean hurbildu ezin izan zutenek aukera aprobetxatu zuten erosketak egiteko. 
Azken urteetan omenaldia izan da arretagune nagusietako bat. Aurten erabaki dute inor ez omentzea, sukaldariak erakartzea "zaila" delako. Erabaki horrek ez die artisautza postuetara hurbiltzeko gogoa kendu herritarrei, eta, arestian esan bezala, egun osoan zehar altua izan da salerosketa erritmoa. Merezitako atsedena hartuko dute antolatzaileek orain, 35. edizioa prestatzen hasi aurretik.

Argazki galeria