Erokeriak ere, gaitasun

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 30a, 13:01

Emanaldi zoro eta ezin dibertigarriagoa eskaini zuen atzo arratsaldean 'Walkman' izeneko artistak. Badu bertute kurioso bat: erokeriarik eroenak ere bertute direla sinestarazten die ikusleei.

Sokarik gabeko erraketa bat hartu, eta gorputz osoa bertatik pasa; monoziklo baten gainera igo, eta lasterka egiteko zinta baten gainean ibili; publikotik hiru pertsona hartu, bati eguzkitakoa eman eta beste biei kartoizko bi zalditxo, eta tiobibo bat inprobisatu; edota zentzurik gabeko dantza koreografiak sortu. Walkman kale antzezlana ikusi aurretik hainbat lasarteoriatarri galdetu izan bagenie, gehienek, ziur asko, esango lukete erokeriak direla horiek guztiak. Emanaldia bukatu ostean galdera errepikatuz gero, aldatu egingo lirateke erantzunak. Hori baita Walkman izeneko artista bihurriak daukan bertute handiena: ikusleei sinestarazten die erokeriarik eroenak ere gaitasun direla.

Herritar andana gerturatu zen atzo arratsaldeko emanaldia ikustera. Lehenengo lerroetan, ohi bezala, etxeko gaztetxoenak. Bat baino gehiago atera zen eszenatokira, protagonistari laguntzera: mikrofonoak ongi funtzionatzen ote zuen egiaztatu, danborraren soinuak egin ahoarekin... Gertutik bizitu zituzten Walkmanen esperimentu bitxiak. 

Ganso y Cia konpainiaren emanaldia da Walkman. Gorka Gansok eta Cecilia Paganinik sortu dute. Gansok berak hezurmamitzen du Walkman artista, eta Oscar de Paz arduratzen da eszenografiaz. Uztailean etortzekoa zen Walkman, baina bertan behera geratu zen emanaldia azkenean. Eusko Jaurlaritzak eta Lasarte-Oriako Udalak sustatutako Kultur Kale Zikloaren baitako ikuskizuna da.