Erdi Arora itzuli da Lasarte-Oria asteburuan

IƱigo Gonzalez Sarobe 2017ko ira. 17a, 22:23
Lasarte-Oriak 500 urte egin ditu atzera asteburu honetan, denbora-makina batean sartu beharrik gabe. Arrakastatsua izan da Erdi Aroan girotutako II. Xacobeo azoka.

Lasai egon daitezke lasarteoriatarrak. Erdi Aroan murgildu da herria, baina asteburuan zehar besterik ez. Ezingo genuke kronika hau idatzi bestela. Ez ordenagailuarekin behintzat. Irakurlea ere ezingo litzateke pantailaren aurrean jarri. II. Xacobeo azokak hartu du erdigunea, eta ederki erantzun dute herritarrek.

Gaur egun hortzetan arazo bat daukanak dentistarenera jotzen du normalean. Kontsultara joan, artatua izan, eta kitto. Erdi Aroan gauzak ez ziren horrela: Tartaruga konpainiako medikuak Kale Nagusian barrena ibili dira, aliketak eskuetan, txantxarrak hartutako hortzak azkar batean kentzeko eskaintza egiten. Metro batzuk atzerago, itsasontzia ibaitik gertu utzi ostean, bikingoak ibili dira kantuan eta dantzan. Baita asto bihurri bat ere, musika-kaxa eta guzti. Eta bufoiak ere bai, mota guztietako bihurrikeriak egiten.

Ikuskizunak izan dira protagonista nagusiak Xacobeo azokan, baina ez bakarrak. Artisauak eta euren produktuak ere egon dira presente. Saiheskiak parrillan, postre goxoak, almendra garrapiñatuak, xaboiak, egurrez egindako gauzak...hamaika gauza aukeran. Bien bitartean, gaztetxoek jolasean pasa dituzte orduak, edo tailerretan: ikasi dute burbuilak egiten, landareak landatzen...ausartenak hegazti erakusketara sartu eta arranoak, hontzak eta beste hainbat hegazti ukitu dituzte.

Asteburuan zehar euri dezente egin du, ostiralean batez ere, baina horrek ez du 'denboraren makina' hondatu eta Erdi Aroan murgildu da Lasarte-Oria.