Erdi Aroa XXI. mendean

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko ira. 17a, 13:23
XXI. mendetik Erdi Arora bueltatu da Lasarte-Oria asteburuan. Xacobeo azokaren III. edizioan duela zenbait mendetako ikuskizunez eta produktuez gozatu dute herritarrek

Denboraren makinan sartu zen Lasarte-Oria asteburuan: XXI. mendetik Erdi Arora. Xacobeo azokaren hirugarren edizioak Kale Nagusia eta Okendo plaza hartu ditu. Herritarrek bapo jan eta edan zuten eta garai historiko horretan oinarritutako ikuskizunez gozatu: eskrima eskola, su-jaurtitzaileak, gaita-jotzaileak edota hegazti harraparien ikuskizuna, besteak beste. Eguraldi paregabea lagun, giro polita sortu zen erdigunean. Larunbat arratsaldean bildu zen jende gehien; postuetatik ezin zen ibili ere egin ia. 

Santiago de Compostelara (Galizia) doan iparraldeko Done Jakue bidea herritik igarotzen dela gogorarazteko antolatzen dute azoka. Larunbat goizean inauguratu zuten, Udal Gobernuko hainbat kide presente zirela. Jesus Zaballos alkateak, Bilboko galiziar etxeko kide Arantza Gonzalezek eta Arabako auzo-elkarteen federazioko presidente Angel Larrelak azoka antolatzen segitzeko konpromisoa sinatu zuten Okendo plazako oholtzan. Urtetik urtera gero eta jende gehiagok ezagutzen du Erdi Aroa irailean.

Argazki galeria