Urte osoan izaten dira eraso matxistak, baina horietako asko festa giroan gertatzen dira, alkohola dela medio. Lasarte-Oriako Udalak eraso horiek saihesteko kanpaina abiatu du, eta tabernariekin hitz egin du, protokolo bat ezartzeko. Modu horretan, Ligoteo sanoa, bai! lelopean 140.000 ahozapi banatuko dituzte tabernetan. Zapi horietan eraso matxisten aurkako telefonoa jarrita dago, baten batek edozein unetan laguntza beharko balu: 900 840 111. Horrez gainera, diptiko bat banatuko dute, "Ez da ezetz" mezuarekin. Autobus geltokietan ere mezu horiek jarri dituzte.
Jesus Zaballos alkateak azaldu ditu udalak harturiko neurri batzuk. Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Emakumeen Zentro Zibikoko ordezkariek lagundu dute.
Festa egin eta gero, ordu txikietan etxera itzultzea arazoa izan daiteke bat baino gehiagorentzat. Udalak telefono bat jarri du, jendea etxera seguru laguntzeko.
Bestalde, Berdintasun teknikoak tabernetatik igaro dira, erasoen aurkako protokoloa azaltzeko. Taberna barruan horrelakorik gertatuz gero, musika itzali, argiak piztu eta erasotzailea tabernatik bota beharko lukete.
Horrez gainera, txupinazoetan hainbat mezu zabalduko dituzte puxiketan. Bereziki haurrenean indarra jarri nahi dute, txikitatik "berdinen arteko harremanak" sustatzeko. Helduen txupinean berriz, aniztasun sexualaren errespetuaren aldeko leloak zabalduko dituzte.
Lasarte-Moria jai gozagarri batzuen alde
Bestalde, Lasarte-Oria Moriak albisteari atxikia doan eskutitza helarazi digu.