Denboraldiz kanpo geratu dena Stock Azokara atera, eta saltzeko aukera ezin hobea da. Hori da azokaren helburua. Ramon Ormazabal Aterpea Merkatarien elkarteko lehendakariak azaldu moduan, "dendan geratu zaizkigun produktuak saltzeko aukera ona da, udazken eta neguko produktuekin erakusleihoak berritzeko".
Urtero moduan, negozio parte hartzaileen kanpoaldean karpak jarriko dituzte stockeko produktuak saltzeko, baina aurtengoak, izango ditu berrikuntza pare bat. Komertzio kopuru handiagoaren parte hartzea izango da; guztira hamabost establezimenduk hartuko dute parte Stock Azokan. Horrekin batera, orain arte ostiralez soilik egin izan da, baina oraingoan, larunbat goizera arte luzatuko da.
Aterpea elkarteak jakitera eman duenez, stockera aterako diren produktuei ez zaie aurrez deskontuko preziorik finkatuko. "Komertzio bakoitzak libreki erabakiko du salgaiari zein eskaintza prezio finkatuko dion", adierazi du Ormazabalek.
Parte hartzea handitzen
Geroz eta komertzio gehiago dira Stock Azokan parte hartzera animatzen direnak. Aurtengoan, esaterako, Lasarte-Oriako hamabost negozio izango dira azokan, eta askotariko produktuak erosi ahal izango dituzte herritarrek. Arropa dendei dagokionean, Alba Moda, Donna Boutique eta Mabel Moda dendek jarriko dituzte eskaintza bereziak, eta horiekin batera, baita Iturbe eta Leder oinetako dendek ere.
Beste produktu mota asko ere erosi ahal izango dira. Olmi, Urruzola eta Aritza mertzeriatan ere izango dira aukerak, baita Deco 75 etxeko ehunak komertzioan, Arregui elektrizitate dendan, Marbell ile-apaindegian, Kattagorri jolas dendan, Ines Flores artisau dendan, Abreu bazarrean, eta Las-arte pintore estudioan ere.
Udala, ekintza horiek sustatzen
Lasarte-Oriako komertzioa dinamizatzeko egiten den lana nabarmendu du Jesus Zaballos alkateak.
Horrekin batera, pozik agertu da beste urtebetez azoka egiteko egitasmoak aurrera jarraitzen duelako, eta geroz eta parte hartzaile gehiago dituelako. Horrela, eskerrak eman nahi izan zizkien Aterpea merkatarien elkarteari, eta baita azokan parte hartzera animatu diren komertzio guztiei ere.