Hautetsontzietatik haragoko kontzeptua

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 17a, 16:40
Ikusmin handia sortu du Juanjo Alvarez nazioarteko zuzenbidean katedradunak emandako hitzaldiak: 'Zergatik eta zertarako erabakitzeko eskubidea?'. Lepo bete da Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoa gaur goizean; hitzaldia eta gero, iaz egin bezala, 'Berriketan' geratu dira hainbat herritar, erabakitzeko eskubideari buruz gogoeta egiteko

Mukuru egon da Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoa. Jakinmin handia piztu du Juanjo Alvarez nazioarteko zuzenbidean katedradunak emandako hitzaldiak, eta herritarrek ez dute aukera pasatzen utzi. Askorentzat pertsona ezaguna da Alvarez, hamar urterekin etorri baitzen bizitzera Lasarte-Oriara. Zergatik eta zertarako erabakitzeko eskubidea? hitzaldia eskaini du, dozenaka lasarteoriatarren aurrean. Hizlaria Lasarte-Oriako Gure Esku Dagoko kide Arraite Oiangurenek aurkeztu du. 

Hainbat gogoeta plazaratu ditu ikus-entzuleekin. Esate baterako, erabakitzeko eskubideari buruzkoak: "Ez dugu kontzeptu hori hautetsontzietara, botoa ematera mugatu behar". Azaldu du erabakitzeko eskubideak eskatzen duela aurrelanketa bat. "Informatu egin behar gara, ezagutu, iritzia emateko gai izan, eta, gero, botoa ematea beharrezkoa bada, hautetsontzietara jo".

Erabakitzeko eskubidea aurrera eramateko herritarrek ere badituzte moduak, Alvarezek gaur erakutsi duenez. Nazioarteko hainbat adibide aipatu ditu: Eskozia, Quebec eta Kosovo, besteak beste. Espainiar Estatuko kalitate demokratikoaz ere mintzatu da. Ikus-entzuleek adibidea ahalik eta ongien ulertze aldera, Lasarte-Oria lehen planora ekarriz, honako adibidea planteatu du: "Demagun Udalak nahi duela San Pedro festak astebetekoak izatea, Iruñeko San Ferminak bezala. Jakin nahiko balute herritarrek zer pentsatzen duten, eta euren iritzia jaso nahiko balute hautetsontzien bidez, Espainiako presidente Mariano Rajoyren baimena beharko lukete".

Hitzaldia bukatu eta gero, iazko Berriketan saioa errepikatzeko asmoz, taldetxotan banatu eta erabakitzeko eskubideari buruz hausnartu dute kultur etxera joandakoek. Hitzaldia amaitu ostean, atsedenalditxoa egin eta kafea ere hartu dute.

Ekainean egingo duten giza kateari begira, hainbat ekitaldi antolatzen ari da Lasarte-Oriako Gure Esku Dago aurten ere.