Erabakitzearen eguneroko adierak

Adrian Garcia 2018ko api. 13a, 11:00
Marisol Martin, Joanes Maiza eta Joxe Mari Izeta elkartu ditu Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok, gizarteko gai garrantzitsuenen gainean herritarrek erabakitzeko duten aukerari buruz hitz egiteko. Suitzako herri galdeketen adibidea ere plazaratu dute

Askotan, erabakitzeko eskubidearen inguruan hitz egitean, burura etortzen den lehen gauza da: independentzia erreferenduma. Haatik, fenomeno zabalagoa da erabakitzeko ahalmena; bizitzako beste hainbat eremutan erabili daiteke. Finean, herritarren ahalduntzea esan nahi du, egunerokoan eragiten dieten auzietan hitza hartzeko. Lasarte-Oriako Gure Dago-k horixe erakutsi nahi izan du Mercero aretoan eginiko solasaldian. Erabakitzeko eskubidea, zertarako?  hitzaldian hiru pertsonaren esperientzia kontatu dute. 

Marisol Martin, Joanes Maiza eta Joxe Mari Izeta. Bakoitzak bere eremuan, hirurek lan egin dute jendeak beste aukera bat izan dezan. Lau urtean behin bozkatzera mugatu ez dadin haien boterea. Martinek Lasarte-Oriako udalerria sortzen egin zuen lan, emakumeen zentroa sortu zuen 1970eko hamarkadan, eta orain pentsio justuen aldeko borrokan murgilduta dago. Maizak eredu kooperatiboa energiaren alorrera eraman du Euskal Herrian, herritarrei erregai fosilez kanpoko alternatibak emateko. Azkenik, Izeta Hitzartu prozesu parte hartzailearen sustatzailetako bat da, Gipuzkoan hondakinen kudeaketaren inguruan kontsentsuzko erabaki bat hartzeko.

"Erraza da esatea: ‘nahi dutena egiten dute'. Baina ekarpenik ez baduzu egiten ez du ezertarako balio”. Komunitateari eragiten dizkioten gaietan buru-belarri sartu da Martin gaztetik, eta orain ere berdin jarraitzen du. "Apustua egin behar da, herriaren arazoak konpontzeko parte hartu behar da. Politikan ez duela sartu nahi esaten du jendeak. Baina politika dena da, erosten ditugun patatak eta testu liburuak". 

Pentsionisten mobilizazioaren hastapenean izan zen, eta 200 pertsona baino gehiago mobilizatzea lortu du pentsioen gainbeheraren aurka protesta egiteko. 

Kooperatiba, energian

Maizak ere hautua egin zuen. Belgikan orain hamar urte ikusitako ereduak Euskal Herrian funtzionatu zezakeela ikusi, eta lanean hasi zen. Goiener kooperatiba sortu zuen; bakarrik energia berriztagarria erosten dute, eta haien bazkideen artean banatzen dute, elektrika txiki baten antzera. Egun 8.000 bazkide baino gehiago dituzte. 

Bestalde, hondakinen kudeaketaren eremura eraman nahi du Izetak erabakitzeko eskubidea. Hortik dator Hitzartu prozesuaren izena. Gizarteak gai eztabaidatsu horren inguruan hitza hartzea du helburua, interes politiko eta ekonomikoen gainetik "erabaki ekonomikoa eta osasuntsua" hartu dadin. 

Suitza adibide

Beste herrialdeetan egiten dutenari ere erreparatu diote. Suitzan bizi den Ismael Oiartzabal lasarteoriatarrarekin jarri dira harremanetan, eta haren ahotik entzun dute herrialde horretako eredua. Orain gutxi hiru herri galdeketatan parte hartu du, hirurak aldi berean eginak. Udaleko aurrekontuaren, Genevako festen eta hirigintzako auzi baten inguruan bozkatu dute. 

Halere, gonbidatuek muga batzuk ikusten dizkiote herri galdeketei. "Nire ustez gai batzuk ez dira erabakigarriak. Adibidez, energia nuklearra bultzatzea. Arriskua handiegia da”, uste du Goienerreko Maizak.