Erabaki dutenen testigantzak entzungai

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 6a, 14:22

'Nik jada erabaki dut' mahai ingurua antolatu du Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok, datorren asteazkenerako, hilak 11, Antonio Mercero aretoan. Joanes Maiza, Marisa Martin, Joxe Mari Izeta eta Ismael Oiartzabal herritarrek hitz egingo dute. 19:00etan hasiko da saioa

Bizitzako esparru askotan aplika daiteke erabakitzeko eskubidea. Zergatik eta zertarako erabaki? galdera askotan egiten diogu gure buruari. Hala egin dute hainbat herritarrek ere; eman dute erabakitzeko urratsa. Hori baliatuz, Joanes Maiza, Marisa Martin, Joxe Mari Izeta eta Ismael Oiartzabal (Suitzatik ariko da azken hau) lasarteoriatarrak gonbidatuko ditu Gure Esku Dagok Mercero aretora, haien esperientzien berri eman dezaten. 19:00etan hasiko da Nik jada erabaki dut mahai ingurua. Erabakitzeko eskubidearen inguruan ari da hausnartzen taldea, herritarrekin batera; aurten antolatzen duen bigarren ekitaldia izango da hori.

Joanes Maiza izango da datorren asteazkeneko hizlarietako bat. Goiener kooperatiban sartu, eta energia banatzeko eredu alternatiboa aukeratu du. Eremu horretan aplikatu du erabakitzeko eskubidea. Pentsioduna da Marisa Martin: hainbat emakume ahaldundu ditu urteotan, eta Lasarte-Oria herri bilakatu zenean (1986an) zinegotzi izan zen. Hondakinen kudeaketaren gaiari hainbat buelta eman dizkio Joxe Mari Izetak; irtenbide partehartzailea emate aldera, Hitzartu plataforman ari da lanean, buru-belarri. Azkenik, Genevan bizi den Ismael Oiartzabalek Suitzako erreferendumen kultura ekarriko du Mercero aretora, Suitzatik bertatik.

Maiatzaren 19an, proposamenak plazara

Arestian esan bezala, erabakitzeko eskubidea, zergatik eta zertarako? galderaren bueltan ari da hausnartzen Gure Esku Dago, herritarrekin batera. Berriketan saioa antolatu zuen martxoan; Juanjo Alvarez nazioarteko zuzenbidean katedradunarekin aritu ziren solasean, kultur etxeko hitzaldi aretoan. Apirilaren 11ko mahai ingurua bigarren ekitaldia izango da. Maiatzaren 19an, larunbatez, gogoetatik ateratako proposamenak aurkeztuko dituzte herritarrek, ekitaldi batean. Eta, azkenik, ekainaren 10ean, ideia horiek eremu politikora bideratuko dira, giza-kate nazionalean.