Emozioa, ilusioa, hilabetetako lana...eta festa!

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 6a, 22:19
Hainbat hilabeteko lan nekezaren ostean, iritsi da Sasoeta auzoko jaiez gozatzeko unea. Hamaika ekintzaz gozatuko dute lasarteoriatarrek asteburuan zehar. Txupinako suziriekin batera egin du eztanda festak

"Emozioa" hitza hautatu dute Sasoeta Sasoian elkarteko kideek, lehenengo festa eguna deskribatzeko: "Emozioa, auzotarrentzako festa ederrak antolatu ditugulako; emozioa, adin-tarte guztietako lasarteoriatarrak izango direlako protagonista", adierazi dute. Osagai horiek ditu gaurko egunak: emozioa, ilusioa, hilabetetako lana...eta, nola ez, festa. 

Txupina jaurtitzearekin batera egin du eztanda Sasoetako jai-giroak. Herrian oso maitatua den pertsona batek eman du pregoia: Jesusen Bihotza apustolutzako kide den Concha Arraztiok. 93 urte ditu, eta horietako hainbat eman zituen Lasarte-Orian, gehien behar zutenei laguntza ematen. Besteak beste, etxerik gabeko hainbat haur zaindu zituen, erretiroa hartu aurretik. Gaur jaso du bueltan maitasun eta esker on dosi handi bat. "Bihotz handiagoa beharko nuke lasarteoriatarrengana dudan maitasun guztia adierazi ahal izateko; txundituta geratu naiz omenaldiarekin, badaude pertsonak ni baino gehiago merezi dutenak", nabarmendu du Conchak, umiltasunez eta emozioz. 

Conchak mikrofonoa utzi duenean jaurti dituzte suziriak antolatzaileek, eta festak hasi dira. Alegria Alcarreña txarangako kideek girotu dituzte auzoko kaleak arratsaldean zehar.

Ekintza gehiago

Gaua ekitaldiz josia dator: txikienak disko-festaz ari dira gozatzen uneotan. Ondoren, 21:15ean, 'Songa Dance' eta fotojaiaren txanda iritsiko da. 21:30ean zezensuzkoa ibiliko da Andatza plazan zehar lasterka. Hori eta gero hasiko dira kontzertuak, Jaizkibelen. Lau talde igoko dira oholtza gainera, orden honetan: Skakeo, Odolaren Mintzoa, Kalean eta Ultimos Reyes.