Elurra Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 28a, 16:57

Lasarte-Oria elurtuta esnatu da. Udal langileak errepide eta kaleak garbitzen daude, baina errepideetan arazoak daude. Autobusak ez dabiltza eta trenak noizbehinka iristen dira

Kaleak haurrez beteta daude gaur Lasarte-Orian. Sasoeta-Zumaburu ikastetxea eta Oriarte institutuak ateak itxi dituzte eta elurraz gozaten ari dira gaztetxoak. Landaberri ikastola martxan dan, baina ez da haur askorik hurbildu.

Heldu askok lanera ez joateko hautua egin dute. Baina lanera joatea erabaki dutenek hainbat arazo aurkitu dituzte. Herritarrak tren geltokian zain egon dira goiz goizetik, horiek tarteka dabiltzalako. TSSTko autobusak ez dabiltza.

Kotxea ez hartzea gomendatzen dute. N-1 errepidean kotxe ilarak daude eta herri barruan hainbat puntuetan arazoak izan dira, batez ere, aldapetan. Tajamarreko biribilgunea, esate baterako, itxi behar izan dute ordu erdiz izotz plaka bat dela eta. Udal langileak kaleak eta errepideak garbi mantentzeko lanetan ari dira.

Gaur azoka eguna ere bada Lasarte-Orian, baina azoka eremuan ez da ia posturik.

Elurteko argazki eta bideoak gure galeriatan