Elkartuta, indarkeria matxistaren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 25a, 14:00
Kontzentrazioa egin dute hainbat lasarteoriatarrek Okendo plazan, eta indarkeria matxista arbuiatu. Bihar 'Una mujer fantastica' (Emakume zoragarri bat) filma proiektatuko dute, 19:30ean, Manuel Lekuona kultur etxean

Indarkeria matxista ikustarazteko ekintzak egiten ari dira Lasarte-Orian asteburu honetan. Gaur eguerdian, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunean, hainbat lasarteoriatar elkartu dira Okendo plazan, indarkeria mota hori arbuiatzeko. Udal korporazioko zenbait alderditako kideak ere batu dira kontzentraziora.

Atzo arratsaldean, Emakumeen Zentro Zibikoko Makelur taldeko kideek Lo que tú quieras Bernarda, y las demás...¿que? (Zuk nahi duzun bezala, Bernarda; gainontzekoak...zer?) antzerkia oholtzaratu zuten. Hasi baino lehen, Udaleko Berdintasun zinegotzi Lourdes Acevedok hartu zuen hitza, eta gogoratu 2017an 45 emakume erail dituela indarkeria matxistak. Minutu bateko isilunea egin zuten biktimen omenez. Acevedok goraipatu zuen aipatu antzerki taldeak urtean zehar egiten duen lana.

Bihar arratsaldean, berriz, Una mujer fantástica (Emakume zoragarri bat) filma proiektatuko dute Manuel Lekuona kultur etxean, 19:30ean. Txilen finkatutako emakume transexual baten berri emango die ikusentzuleei.

Osakidetzak emandako datuak

Osakidetzak jakinarazi du emakumeen aurkako 853 indarkeria kasu atzeman zituela 2016an, Zaindu programaren bitartez. Horietatik 435, ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan; gainontzeko 418ak, osasun zentroetako lehen arretako kontsultetan. Berria kazetak eman du horren berri.

Lasarte-Oriako Udalaren adierazpen instituzionala

Kontzentrazioarekin bat egiteaz gain, adierazpen instituzional bat ere kaleratu du Lasarte-Oriako Udalak. Honela dio:

"Begirada berria emakumeen aurkako indarkeriari"

"Azaroaren 25a dela eta, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, berriz azpimarratzen dugu indarkeria mota honen izaera estrukturala eta gure konpromisoa agertzen dugu emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde. Era berean, nazioarteko zuzenbide-esparruarekin bat, berresten dugu badagoela loturarik genero-arrazoiek eragindako bazterkeriaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean. Emakumeen aurkako indarkeriak eragindako biktimei eta hartatik bizirik irtendakoei laguntza-zerbitzua bermatzea ez ezik, beharrezkoa ere bada esku-hartzearen plano guztietan jarduketak planteatzea: Prebentzioa, Detekzioa, Arreta, Babesa, Koordinazioa, Justizia, eta Erreparazioa ere bai.

Emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko dugun konpromisoa oinarritzat hartuz, dagokigun erronka da erreparazio-eskubidea emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzunean sartzeko. Horretarako, eskura izan behar ditugu indarkeriaren eta berorren adierazpide guztien inpaktuak ikusarazten lagunduko duten baliabideak, deslegitimazio soziala xede harturik. Beharrezkoa da ahotsa eta protagonismoa ematea, bai indarkeria matxistaren biktimei bai berorien elkargune diren elkarteei, erreparazio-bideak proposatzeko duten zilegitasuna aitortze aldera.

Erreparazio honen helburua indarkeriaren biktimak eta hartatik bizirik irtendakoak guztiz osatzea izan behar da. Hortaz, barne hartu behar du inplikaturiko zerbitzu eta sistema guztiak hobetzea, nola-eta horiek guztiak sistematikoki aztertuz.

Beraz, emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egun honetan, honakoa agertzen dugu:

•          Gure konpromisoa agenda politikoan indarkeriak eragindako emakume biktimekiko erreparazio-eskubidearen aitortza eta horri buruzko hausnarketa sartzeko, guztiz osatu daitezen eta indarkeriarik gabeko bizitza-eskubidea gauzatu ahal dezaten.

•          Gure konpromisoa udaletan plan eta neurri estrukturalak hedatzen eta hobetzen jarraitzeko edo, hala badagokio, abian jartzeko, indarkeria matxistari aurre egitea xede, emakumeen kolektiboekin eta kolektibo feministekin batera, bai halaber gizarte zibilarekin eta herritarrekin oro har.

•          Gure konpromisoa gizartean aldaketa estrukturala bultzatzeko, hartara herri-erakundeak, komunikabideak, lan-, kultura-, gizarte- eta ekonomia-esparruko eragileak zein gizarte osoarenak inplikatu daitezen.

•          Eta gure ardura, indar politiko guztien eta erakundeen adostasunaren bitartez, beharrezkoak diren baliabideak eskura izan daitezen, xedea izanik emakumeen aurkako indarkeria gure gizartetik desagerrarazten aurrera egitea".