Elkartasunari irribarre batez keinu eginez

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 19a, 12:00
Aspanogiren 20. urteurren jaialdia egingo dute urriaren 21ean, igandean, Donostian. Lasarteoriatar ugari izango dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ekitaldian

Aspanogik, Gipuzkoako haur minbizidunen senideen elkarteak, 20 urte beteko ditu aurten. Urtemuga hori ospatzeko jaialdi bikoitza antolatu du igande honetan, urriak 21ean, Donostiako Kursaalean.

Eguerdian Pirritx, Porrotx eta Marimotots Aspanogirekin kantari saioa izango da. Lasarte-Oriako pailazo bihurriekin batera hainbat talde izango dira kantuan eta dantzan, horien artean, Aspanogiko kide diren edo izandako Lasarte Oriako herritarrak, Ostadarreko Ipar Martxa taldea eta Dinbi Banda batukada.

Ostadar Ipar Martxako taldeak jakitera eman duenez, zortzi kide izango dira Eskuetan abestiaren koreografia egingo dutenak.

Arratsaldean, berriz, 19:00etatik aurrera, Errenteriako Musika Bandak, Easo Abesbatzak eta Anaiak Dantza Estudioak elkarrekin emanaldia osatuko dute. Sarrerak www.kursaal.eus-en eta Kursaaleko lehiatilan erosi daitezke, hamar eurotan.