Buruntzaldeako Sare (Lasarte-Oriakoa tartean, jakina) hasi da herritarrak esnatzen. "Jendarte aktibo batekin, gertuago egongo da larriki gaixo dauden presoak ateratzea, bizi arteko zigorrak amaitzea eta lehen gradua ez aplikatzea". Buruntzaldeako ia 30 euskal preso daude barrote artean gaur egun. Horietatik lau dira Lasarte-Oriakoak: Aitzol Iriondo, Ibon Fernandez Iradi, Javi Gallaga eta Santi Arrozpide. Euskal Herritik urrun daude guztiak. Atzoko errezitaldi kulturalarekin, besteak beste, haien egoeraren berri eman zuen Sarek, eta "elkartasuna, gertutasuna eta babesa" adierazi. Datozen egun eta asteetan segituko du ekintzekin: datorren asteko igandean, hilak 20, beste errezitaldi bat antolatu du, Santa Barbaran, 12:00etan. Lasarteoriatarrak 10:30ean deitu dituzte, San Pedro eliza ondoko plazan. Bertatik abiatuko dira Santa Barbararantz.
Frantzian daukate preso Aitzol Iriondo, herritik 700 kilometrora, Alpeetatik gertu. Ahaide eta lagunen bisitak jasotzean, "kultura" izaten dute hizpide, Beñat anaiak ekitaldian kontatu duenez. "Une horietan sentitzen dugu espetxetik at gaudela, aske, berarekin, baina ez da horrela. Aske izatea da presoaren helburu nagusia; horrelako ekitaldiek bere animoak suspertu eta indartzen dituzte, oso garrantzitsua da hori". 100 bat kilometro urrunago, Lannemezango espetxean dago Ibon Fernandez Iradi. Esklerosi anizkoitza dauka, eta larriki gaixo dago. Eskutitz bat idatzi du espetxetik, herritarrentzat, bere egoeraren berri emanez. Donetz Iradik plazaratu ditu Ibonek idatzitakoak. Herritarrak jakinarazi duenez, "larriagotu" egin zaio gaixotasuna. "Zazpi urte daramatzat esklerosi anizkoitzarekin; aurreneko sintomak eduki eta bi urtera diagonostikatu zidaten. Esklerosia ezin daiteke ongi artatu espetxe barruan; pertsona arrunt batek sei hilabetean behin edukitzen du zita neurologoarekin, gutxi gorabehera. Nik lau urte itxaron behar izan nituen".
Lasarte-Oriako presoen egoeraren berri eman aurretik, Sareko kideek sarreratxoa egin zuten, eta ekitaldia musikarekin girotu, zeharkako flauta joz. Aitzol Iriondo eta Ibon Fernandez Iradiren berri jakin ostean, dantza ikuskizunaz gozatu zuten plazara bertaratutakoek. Borobilean jarri, eta dozena bat herritar hasi ziren dantzan.
Etenalditxo horren ostean, Maider Galardik hartu zuen hitza. Duela urte eta erdi ezagutu zuen Javi Gallaga, eta, ordutik, behin baino gehiagotan bisitatu du (Kordoban daukate preso Gallaga, Lasarte-Oriatik 800 kilometrora). "Gazteok herrian egiten dugunaren berri ematen diogu; guretzat gogorra da espetxea barrutik nolakoa den ezagutzea, baina irakaspena ere bai". Duela hamahiru urtetik dago Kordobako espetxean, eta bertako baldintzak "oso txarrak" direla aipatu du Galardik: "Lehen gradu gogor batean dago". Santi Arrozpideren izenean Pello Lizarraga herritarrak hartu du mikrofonoa. "Eskerrak eman nahi dizkie Santik herrikideei, gisa honetako ekitaldiak antolatzeagatik". Egoera pertsonalari dagokionean, Arrozpidek nahiago du aurrez aurre hitz egin. "Nire berri jakin nahi duenak, jo dezala nire atea, eta ikusiko dugu zeri buruz hitz egin dezakegun".
Hasi eta buka, emanaldi kulturalak eta preso lasarteoriatarren gertuko pertsonen testigantzak uztartu zituen Sarek. Literatur Txokoko kideek Joseba Sarrionandiak idatzitako "Hemen gaude" testua irakurri zuten (Ken Zazpi taldeak musika ere jarri zion, 'Ortzemugak begietan' diskan), eta Porrotx pailazoak ere hartu zuen parte errezitaldian.