Elkarrizketaren garrantzia, elkarbizitzarako

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urt. 25a, 10:40

Xuban Intxausti zuzendari lasarteoriatarraren In Dialogue dokumentala eskaini zuten asteazken arratsaldean, Mirentxuenean. Ipar Irlandako gatazka ardatz hartuta, ikuspegi ezberdineko sei eragile eseri ditu mahai inguruan

Xuban Intxausti zuzendari lasarteoriatarraren In Dialogue dokumentala eskaini zuten asteazken arratsaldean, Mirentxuenean. Ipar Irlandako gatazka ardatz hartuta, ikuspegi ezberdineko sei eragile eseri ditu mahai inguruan. Elkar ulertu eta errespetatzeko, elkarrizketari eman dio Intxaustik garrantzia. Parte hartzaileak arerioak izan dira, eta euren esperientziak eta bizipenak elkarbanatu dituzte. Guztiz itxi gabeko zauriak sendatzeko ariketa izan da.

Euskal Herriko egoerari ere egiten dio erreferentzia ikus-entzunezkoak; besteak beste, bertako egoeraz hausnartzeko osatu du lana lasarteoriatarrak. Elkarrizketa falta sumatu zuen Intxaustik, eta hori bultzatu nahi du dokumentalaren bitartez.

Hala ere, zail ikusten du Intxaustik formatu hori Euskal Herrira ekartzea, baina argi du konponbidea bide onetik doala, "nahiz eta presoen auzia" konpontzeko dagoen. Hurrengo astean egingo dute jardunaldiko azken saioa.