Elebeltzen aldeko plataforma sortu da

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urt. 22a, 10:30
Elebeltz Topagunearen aurkako erasoa salatu du sortu berri den plataformak. Besteak beste, bertako jarduna geldiarazi, “inongo frogarik gabe” herritar bat inplikatu nahi izana eta “erabaki politiko bat estaltzeko” alkatetza dekretua erabiltzea kritikatu dute. Horren aurrean emango dituzten urratsak azaldu zituzten atzo arratsaldean Okendo plazan emandako prentsaurrekoan.

Atzo azaldu zutenez, lehengo astean herritar batek alkatetzaren dekretua jaso zuen “mehatxuak eta presioak” jasoaz. Lokaleko jabeari ere egoeraren berri eman diote; haien ustetan, “Elebeltzen kontrako neurriak hartzeko presioa eraginez”.

Lau urtetan espazio horretan egindako lana aldarrikatu du Elebeltzen aldeko plataformak. “Zaborrez beteta eta usteltzen ari zen espazio hutsa berreraiki eta kolorez bete” dutela nabarmendu dute.

Intentzioa salatu

Adierazi zutenez, “erabaki politikoa” izan da, Udal korporazioak “Elebeltzen ateak ez dituelako irekita ikusi nahi”.

Horregatik, herritarren aurrean zenbait puntu salatu nahi izan dituzte. 

Okupazio mugimendua kriminalizatu nahi du alkateak, plataformaren ustez. Halaber, herritar bati eginiko “mehatxuak” eta horiek aurrera eramateko egindako “bermerik gabeko prozedurak” salatu dituzte.

Halaber, “pribatuen arteko harremanetan sartu” direla diote, “bi aldeak mehatxatuz”. 
Elebeltz ondoan asteartean gertatutako sutearen “susmagarritasuna” ere azpimarratu zuten.

Neurriak

Hemendik aurrera eman beharreko urratsak eta hartuko dituzten neurriak ere azaldu zituzten atzo.

Lehenik eta behin, Elebeltz Topaguneari eta bertako kideei “babes osoa” adierazi diete, baita “mehatxua jaso duen herritarrari” laguntza eskaini.

Bestalde, prozedurari errekurtsoa aurkeztuko diotela azaldu zuten eta Arartekoaren aurrean salaketa jarriko dute. Udalbatzarrean mozioa aurkezteko asmoa ere badute.

Horietan denetan azpimarratu nahi dute “alkatearen mehatxua” izan dela eta, horregatik, “erabaki politiko baten ondorioa.”

Halaber, Elebeltz Topagunea kokatuta dagoen pabiloiko jabearekin kontaktuan jartzeko asmoa azaleratu zuten, akordio batera iristeko asmotan.

Azkenik, “gaztetxe eta okupazio mugimenduaren aurkako kriminalizazioa” salatu zuten, “erasoak jaso dituzten gaztetxe eta bertako kideei” babesa eskainiz.

Babes bila

Elebetzen aldeko plataformak Lasarte-Oriako eragile ezberdinen eta herritarren babesa bilatzen du, erantzun bateratua emate bidean. 

Prentsaurrekoari amaiera eman diote “kulturgintza herrikoiaren aurkako erasoa” dela salatuz.