Udalaren kontratazioetan dirua herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitateari gailentzen zaiola salatu du Lasarte-Oriako EH Bilduk astearteko udalbatzarrean. Horren adibide gisa jarri dute Udako Txokoen gaia. Dirudienez, diru etekina lortzeko asmoa duen "enpresa multinazional" baten esku geratuko dira txokoak, horiek eskaintza ekonomiko merkeagoa egin baitute. Horren aurrean, gizartearen beharrizanak lehenetsiko dituen ekonomia sozialaren irizpideak jarraitzeko eskaera egin die udal gobernu taldeko alderdiei. Hemendik aurrerako udal kontratazioetan balorazio ekonomikoari %30eko pisua ematea proposatu du EH Bilduk.
Proposamenak, ordea, ez du udaleko alderdien babesik jaso. Ahal Du Lasarte-Oria Puedeko (ADLOP) Arkaitz Naya txokoekin gertatu denarekin "penatuta"agertu da, horrek Lasarte-Orian ondorio "negatiboak" izango dituelako. EH Bilduk proposatutako balorazio kopurua aztertu egin behar dela argudiatuta abstenitu egin da.
EAJk eta PSE-EEk, berriz, mozioaren aurka egin dute. Azken horrek azaldu du azken lizitazioak udaleko kontratazio guztiak Udako Txokoek izan duten balorazio berbera izan dutela. Ez dira bat etorri alderdi ekonomikoari %30eko balioa ematearekin. "Horrela egingo balitz, adituen mahaia osatu beharko genuke, eta horrek lan gehiago eskatuko luke prozesuan". Babesik jaso gabe, mozioa bertan behera geratu da.
Lasarte-Oriako arau subsidiarioetan A.33 Teresategi eremuari eta Donostiako AÑ.10 Errekalde eremuari Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrari dagokionez, bi udalerriak bateragarri egiteko plana tramitatzeko hitzarmenaren onarpena eztabaidatu dute. EH Bildurentzat "deigarria" da hitzarmenaren tramitazioa. Teresategin Leroy Merlin eraikiko dute, eta horrek "ez die herritarren beharrei erantzuten". PSE-EEk, berriz, Teresategiko proiektuak lanpostuak sortuko dituela oroitarazi du. "Bertara iristeko herritarrei erraztasunak emateko beharrari erantzuten dio hitzarmenak". PSE-EEren eta EAJren aldeko bozekin aurrera egin du gaiak.
Autoentzat aparkalekuak
Aparkamenduen inguruko parte hartze prozesu eskaera luzatu du EH Bilduk. Udal gobernuak bi urtetan gaia lantzeko prozesurik egin ez duela azaldu du. Gainera, salatu du zerbitzuetako batzordean bi alderdiek adostutako akordioa (diru sorta bat gordeko zela parte hartze prozesua egiteko) ez dutela bete.
PSE-EEk, berriz, udal teknikariek egindako azterketan aparkalekuen "superabita" dagoela ebatzi du, eta horregatik bozkatu dute aurka. EAJk eta ADLOPek, berriz, babestu egin dute EH Bilduren mozioa, eta bederatzi botorekin aurrera egin du.
Pentsiodunen gaiak ere izan du hizketarako tartea asteartean. Izan ere, Lasarte-Oriako Pentsionisten Koordinakundeak mozio bat eraman du estatuko koordinakundeak egindako aldarrikapenaren alde, eta aho batez onartu dute.
Familientzako eskola materiala erosteko diru laguntzen oinarriak ere aho batez onartu dituzte, eta A.36 Zatarain eremuan kaleak izendatzeko proposamenak ere aurrera egin du, PSE-EEren, EAJren eta ADLOPen babesarekin. EH Bilduk abstenitu egin da.
Herrian enpresa txikiak sortzen laguntzeko diru laguntzak emateko oinarriei ere alderdi guztiek eman diete babesa, baita udaleko langileen lan baldintzen marko arautzailearen aldaketari ere.
Zerga ordaintzeari ihes egin dioten iruzurgileen kasuak argitara atera dituen Herve Falcianiren estradizioaren aurka mozio bat ekarri du ADLOPek, baina EH Bilduren babesa besterik ez du izan; hortaz, ez du aurrera egin. PSE-EEk, ordea, emendakin alternatiboa jarri du mahai gainean, eta EAJren babesarekin onartu dute.