Ekintzez betetako Eguberriak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 22a, 16:00

Lasarte-Oriako Eguberrietako Haur Parkera edo BECeko parkera irteera, musika emanaldiak, zinema, Errege Magoen kabalgata... Hamaika ekintza izango dira Eguberrietan. Herriko haur, gazte eta helduek ez dute aspertzeko astirik izango

Eguberriak iritsi dira eta elkarteek eta udalak adin guztientzako ekintzak antolatu dituzte hamabost egun hauetan.

Gaur, ostirala, arratsaldean,  17:00ak aldera, EHP Eguberrietako Haur Parkeak irekiko ditu ateak.Etxeko txiki eta gazteek Michelingo kirol gunean eta Oria auzoko Bitarteko tenis pistan egongo diren jolas eta ekintzez gozatu ahalko dute.

Anima Services enpresak kudeatuko du berriz ere EHP. Bi koordinatzaile, hogei begirale eta mantentze-lanetarako teknikari bat arduratuko dira jarduerak ondo funtzionatzeaz. Lasarte-Oriako Udalak jakitera eman duenez, EHPren kostu osoa 27.273 eurokoa da.

Parkea 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, hilaren 24an, 25ean eta 31n izan ezik. Gabon bezperan eta urte zahar egunean arratsaldez itxita egongo da, eta hilaren 25ean, egun osoan.

Haurrak doan sartuko dira parkera; helduek euro bat ordaindu beharko dute.

Ohikoa den bezala, gune garrantzitsuena Michelingo pilotalekuan jarriko dute. Bertan 0 eta 10 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzendutako ludoteka, ipuin-kontarien txokoa, ohe elastikoa, makillatzeko eta tatuatzeko gunea, zezen mekanikoa, puzgarriak, oreka-bola, wipe out-a eta zinema-karpa bat izango dira. Tailerretarako txokoa ere izango da, eta egunero adin ezberdinetarako hiru tailer eskainiko dituzte.

Honetaz gain, aurten ere karaokea izango da, eremuan Eguberri giroko doinu eta beste doinu ezagunekin haurrak dantzan jarriko dituena. 

Oholtzako egitaraua

Frontoia koloretako oihal eta moketaz apainduta egongo da. Oholtza izango du, eta bertan hainbat emanaldi izango dira.

Gaur, ostirala, arratsaldeko 19:00etan, Mikel Susperregik ipuin saioa egingo du.

Abenduaren 27an, ostegunean, 19:00etan, Begira festa antzerkiaz gozatu ahalko dute haurrek.

Hilaren 30ean, larunbatean, 19:00etan, Patata tropikala antzerkia ikusi ahalko dute haurrek.

Eta abenduaren 31n, igandean, 12:00etan, EHPren itxiera jaialdia izango da. Agurra Dantza eta beste joko batzuk egingo dituzte.

Honetaz gain, taberna ere izango da. Aurten C.D. Eguzki Areto Futbola elkarteak kudeatuko du taberna, baita eremuko sarrerak ere. Eskuratutako dirua elkartearentzat izango da. 

Michelingo tenis-pistan, aldiz, 300 m²-ko karpa klimatizatua egongo da. 

Giza futbolina, zezen mekanikoa, salto-salto puzgarria, lau bumper ball, Zorb-ball, rokodromoa, multiabenturako joko mugikorra, ping-pongeko bi mahai, bi futbolin, air-hockey bat, balanze-bike bat eta DJarentzako tokia izango dira 12 urte baino gehiagoko gaztetxoen gozamenerako.

Oria auzoko Bitarteko tenis-pistan, familian gozatzeko jokoak  izango dira, 225 m²-ko karpa klimatizatuan: eskaladako joko bat, ohe elastiko erraldoi bat, balanze-bike bat, kirol-eremu bat, futbolinak eta mahai-jokoak.

Honetaz gain, Ttakun Kultur Elkartearen eskutik, Gazte klubeko lagunek hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango dute. 

BECera txangoa eta Gazte astea

Abenduaren 27an, asteartean, Barakaldoko BECeko Eguberrietako Haur Parke erraldoira irteera izango da. 

09:30ean abiatuko dira Zumaburuko geltokitik Barakaldora. Parkean dauden jolas eta atrakzioetaz gozatu eta 18:30rako bueltan izango dira.

Abenduaren 28an eta 29an, berriz, Gazte Astea egingo da,  eta bideo berezia grabatuko dute gaztetxoek.

Musika eta zinema

Ama Brigitarren komentua eta Manuel Lekuona kulturetxean musika izango da nagusi.

Gaur, ostiralean, 19:30etik aurrera, Danok Kidek antolatutako Musika Topaketen hitzordu berria dago Brigitarren komentuan.

Ana Belen Garcia organo-jotzaile eta Amaya Arberaz sopranoak doinu klasikoak zein gabon kantak eskainiko dituzte emanaldian. Hala nola, Haendelen Mesias obrako Rejoice greatly, Mozarten Figaroren eskontzako Porgi Amor, Ercillaren Mesias sarritan edo Pierponten Jingle Bells entzungo dituzte komentura hurbiltzen diren herritarrak.

Bost egunera, abenduaren 27an, asteazkenean, harpen korden doinuak izango dira protagonistak, kaperan Kontsueloko Ama Birjina musika kaperak antolatuta. 

Ane Artetxe, Maria Llanos eta Raquel Ortega harpa jotzaileek musikagile ezagunen doinuak eskainiko dituzte.

Baina egun hauetan ez dira abesti klasikoak bakarrik izango. Gospel emanaldia ere izango da abenduaren 29an, 20:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean.

America's ladies of gospel hirukoteak egitarau berezia prestatu du, lehen kantutik hasi eta azken doinura arte entzulegoa txundituta izango duena. Emanaldiko sarrerak 5,50 euro balio ditu.

Bestalde, zinemak ere izango du tartea egun hauetan. Adi, izan ere, Okendo Zinema taldearen zine forumak egun aldaketa baitu. Hitzordua, abenduaren 28an, ostegunean, izango da, eta 50 primaveras filma eskainiko dute. 

Filmak Aurore Tabort-en bizitza aurkezten du. Aurore banandu egin da, lanik gabe geratu eta amona izango dela jakin berri du. Badirudi gizarteak amaitutzat ematen duela 50 urteko emakumeen bizitza. Baina Aurore ez da horren aldeko.

Hau guztiaz gain, Urtezahar egunean, abenduaren 30ean, Danok Kide elkarteak antolatzen duen Jaiotzen Lehiaketako sari banaketa izango da, 12:00etan,  elkartearen egoitzan. 

Abenduaren 19a eta 20a izan ziren jaiotzak aurkezteko egunak, eta egun hauetan epaimahaiak bere aukeraketa egingo du.

Izan ere, lehiaketako irabazleak Muebles Azpeitian jarriko dituzte ikusgai. Gainontzeko lanak San Pedro elizan ikusteko aukera izango dira. Elkarteak parte hartzaile guztiak gonbidatu ditu banaketara hurbiltzera.

Erregeei harrera 
Azkenik, Eguberriei amaiera emateko, Errege egun bezperan, urtarrilaren 5ean, Errege Magoen Kabalgata izango da herriko kaleetan.

Berrikuntza txikiak dituzte aurten kabalgatan. "Herritarrek berrikuntza gutxi nabarituko dituzte". Xehetasun asko eman gabe, Megabako lagunek "segurtasun neurriak hobetu eta su-hitzalgailuak berritu" dituztela esan dute.

Edonola ere, goizean, Okendo plazan,  12:00etan hasita, aurreko urteetan baino ekintza gehiago izango dira. Egun osoan zehar ibiliko dira erregeak eta haien laguntzaileak Lasarte-Orian.

Errege Magoen bisita jasotzen lehenak, goizean, Atsobakar Zahar egoitzako lagun eta bere familiak izango dira.

Eguerdian, aipatu legez, haurrentzako ekintzak izango dira Okendo plazan. Bitartean, erregeen laguntzaileek haurren eskutitzak jasoko dituzte.

Errege Magoak, berriz, arratsaldeko 16:00etan iritsiko dira Lasarte-Oriara. Meltxor, Gaspar eta Baltasar ordu eta erdiz Ama Brigitarren komentuko kaperan izango dira eskutitzak jasotzen. Kabalgata, 18:00etan aterako da Oria auzotik.

Urtero bezala, geldialdia egingo dute Brigitarren komentu aurreko jaiotzan, eta ondoren, bidearekin jarraituko dute, Hipodromo etorbidetik, Iñigo de Loyola eta Geltoki kaletik Okendo plazara iritsi arte.

Mercero plazan su artifizialak izango dira Errege Magoak plazara iristerakoan, baita musika ere. Felix Garitano komentuko apaizak harrera egingo die erregei. Horiek Jesus haurtxoa gurtu eta balkoira igoko dira. Bertan haurren eskutitz batzuk irakurri eta goxokiak botako dituzte.

Zuzi eramaileak eta laguntzaileak

Kabalgatan zuzi eramaile bezala parte hartu nahi duten gazteei deialdia egiten die elkarteak, abenduaren 27an, asteazkenean, arratsaldeko 18:30ean, Manuel Lekuona Kulturetxeko kafetegian. 

Megaba elkarteak jakinarazi du garrantzitsua dela bilerara gerturatzea. Izan ere, trajeak bertan banatuko dituzte. 

Horretaz aparte, urtarriletik kabalgataren arropa duten herritarrei ere bilerara hurbiltzeko gonbita egin diete antolatzaileek. Era berean, zuzi emaile izateko 11 urte izan behar direla ohartarazi dute.

Hau guztiaz gain, Megabak deialdia egin die herritarrei ekintzan laguntzaile modura parte hartzeko. "Gure elkartean boluntario berriak behar ditugu".  

Zalantzarik izan ditzaketen herritarrek 635 205 393 telefonora edo megabalasarteoria@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezakete.