Lasarte-Oriako Kultura sailak jakitera eman duenez, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko jarduerak martxoko kultura egitarauko protagonistak izango dira. Baina badira beste hamaika ekintza eta ospakizun ere.
Nabarmentzekoa da ere beste ospakizun bat, Erketz Euskal Dantza Taldearen 50. urteurrena. Urteurreneko ekintza nagusiei hasiera emateko, martxoaren 17an, Erketzen Ondarea: 50 urte, ehun jantzi desfilea antolatu du taldeak. Horretan taldeak urte hauetan erabilitako jantziak erakutsiko ditu.
Antzerkiak ere izango du bere tartea. Bihar, martxoaren 3a, 17:00etan, Glu-Glu produkzioaren Alizia lurralde miresgarrian obraz gozatu ahalko dute etxeko txikiek.
Lewis Carrollen Alizia lurralde miresgarrian ipuinaren haur antzerkirako moldaketa da. Gaur egungo haurrei zuzenduta dago eta ikastearen edertasuna eta beharra sustatzen ditu. Kantu eta dantza artean, Aliziak hainbat pertsonaia xelebre eta dibertigarri ezagutuko ditu. Haiei esker onartuko du, matematika edo ingurugiro ikasteak sekulako onurak ematen dizkigula. Eta dibertigarria ere badela.
Hilaren 23an berriz, helduek Hika Antzerki Taldearen Txarriboda lana ikusi ahalko dute.
Gainera, martxoaren 25a, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, Kukuka Antzerki eta Dantza Taldeak ekintza berezia antolatu du martxoaren 27an.
Zineari dagokionez, gaur gauean hilaren 2an, Okendo zinema taldearen bideo-forumean arrakasta handia izan duen Tres anuncios en las afueras eskainiko dute, eta 16an berriz, bihar estreinatuko den Errementari beldurrezko filma. Biak jatorrizko bertsioan ikusiko dira eta gaztelaniazko azpitituluak izango dituzte.
Haurrentzako zinema atalean, martxoaren 4an, igandean Oihaneko Koadrilla filma ikusi ahalko dute etxeko txikiek. Hilaren 11n, Salvando al Reino eskainiko da, martxoaren 18an, El Señor de los Anillos animazio filma, eta 25ean, El Reino de las Ranas: Misión en el Ártico.
Helduen atalean, martxoaren 4an Thi Mai: rumbo a Vietnam eskainiko da. Hilaren 11n Tres anuncios en las afueras eta 18an Errementari ikusi ahalko dira, biak gaztelaniaz bikoiztuak. Azkenik, martxoaren 26an Los archivos del Pentágono filma emango dute.
Bestalde, operaz gozatzeko aukera berria izango da bertsio digitalean. Martxoaren 14an Pucciniren Madama Butterfly ikusiko dute zaletuek.
Honez gain, gazteei zuzendutako emantzipazioko ikastaroko hitzaldi berria dago, martxoaren 13an, Nola prestatu curriculuma eta laneko elkarrizketa. Gaztelekuan eskainiko da.