EHBildu: "Ttakunen proiektua bereganatu du udalak"

Adrian Garcia 2018ko mai. 4a, 12:00
Lasarte-Oriako EH Bilduk agerraldia egin du, eta udalari leporatu dio alor ekonomikoa lehenestea zerbitzuaren kalitatearen kaltetan. "Ttakunen proiektua dira txokoak; udala ez zegoen behartuta lehiaketa publikora ateratzen", esan du Leire Elizegik

Oraindik ebazpen ofiziala argitaratzekoa da, baina Udako Txokoen lehiaketa publikoak harrabotsa sortu du herrian. Izan ere, dozenaka familia daude zain udako hilabeteetan seme-alabak non utzi ditzaketen jakiteko. Lasarte-Oriako EH Bilduk arazoaren jatorrira jo du, eta udal gobernua kritikatu du zerbitzu publikoaren kalitatea sakrifikatzeagatik etekin ekonomikoaren mesedetan. "Udako Txokoak lehiaketa publikoa atera izana da herritar askok sufritzen duten ezinegonaren zergatia", azaldu du EH Bilduko bozeramaile Leire Elizegik. Pablo Barrio eta Kristina Bernalekin batera egin du prentsaurrekoa. 

Udalaren argudio nagusia da udaleku irekiak ezinbestez atera behar zituela lehiaketara, legeak horrela diolako. Haatik, EH Bilduk ohartarazi du ez zuela zertan egin. "Udako Txokoak Ttakun Kultur Elkarteak, herriko beste eragileekin elkarlanean, herriari eskaintzen dion kalitatezko zerbitzu pedagogikoa da. Proiektua Ttakunena da, ez udalarena. Ondorioz, udalak ez du berea ez den proiektu bat lehiaketara ateratzeko betebeharrik. Erabaki politikoa izan da guztiz". 

EH Bildu saiatu da egoera bideratzen, baina 2017an proposatutako zuzenketa atzera bota zuten. "Euskara Departamenduko arduradun EAJk, PPk eta Podemosek ez zuten babestu, nahiz eta argudio teknikoak ere bazeuden". 

Elizegiren arabera, erabaki "oso larria" da herriko euskara elkartearen proiektua lizitaziora ateratzea. "Ttakunen Udako Txokoak herrian du jatorria, eta oinarri pedagogiko sendoa du". Horrez gainera, urtez urte zilegitasuna indartu du proiektuak. "Ez da zerbitzu huts bat, oinarri pedagogiko eta helburu pedagokiko aberatsak dituen proiektua da". 

Herri kohesioa 

Bestalde, udalekuak herriko hainbat elkarterekin batera egiten dira, eta Elizegik nabarmendu duenez, horrek "herri kohesioa eta herritarren arteko elkarlana sustatzen du". 

Azkenik, elkarteak euskararen normalizazioan egindako lana goraipatu du EH Bilduko bozeramaileak. "Ezaugarri horiek guztiak ez dira nahikoak izan alkatetzaren erabakia saihesteko, ezta oposizioak, ezta Euskara Departamenduko EAJk ere atzera bota ahal izateko". 

Horrez gain, Elizegik gogora ekarri du lizitazioak herritarrengan sortu dituen "kezka eta ezinegona". Horietako asko behin eta berriro jo dute Ttakun Kultur Elkartera, informazio eske. "Erantzule zuzen-zuzenak dira Euskara Departamenduko arduradun politikoak eta alkatetza. Ez dute herritarrak informatzeko beharra bete". 

Ttakunek eskaintza propioa ateratzean eman du lehen azalpena udalak, prentsa ohar baten bidez. "Gainera, herritarrei gezurra esan diete. Ttakun Kultur Elkarteak bai jarri izan du dirua Udako Txokoak egiteko, nahiz eta udalak kontrakoa esan". 

Edonola ere, arazoa orokorra dela uste du EH Bilduk, udalak antolatutako lehiaketa publikoetan kalitatea nahikoa kontuan hartzen ez delakoan baitago. Txokoen kasuan hala gertatu da. "Hezkuntza, hizkuntza eta zerbitzuaren kalitateari gailendu zaio arrazoi ekonomikoa". Hori dela eta, udalak eskainiko duen zerbitzuan kalitatea murriztu da. "Ez da jangelarik egongo, besteak beste". 

Arazoa, orokorra

Kalitatea bermatzeko moduak badaude, adibidez, adituen epaimahi bat osatuta. Modu horretan, pisu gehiago izango luke proiektuaren alor teknikoak. "Baina hori egiteko plangintza txarra izan da, eta ez da egon borondate politikorik". 

Aurrerantzean horrelakorik ez gertatzeko, mozio bat aurkeztuko du EH Bilduk astearteko udalbatzarrean. "Borondate politikoa nahikoa da egingarria izateko. Mozioak erakutsiko ditu alderdien nahiak eta borondateak. Hau da, dirua edo pertsonak lehenesten dituzten".