Koalizio izaera atzean utzi nahi du EH Bilduk, subjektu politikoa bilakatzeko. Sei urteko ibilbidearen ondoren, “aurrerapauso” bat eman nahi du, garai berrietara egokitzeko. Mahai gainean jarri dituzte dagoeneko eraldaketarako nondik norakoak, eta ekainaren 17ko Bilboko biltzarrean finkatuko dute norabidea. Proposamen horiek herritarrei helarazteko prozesuan daude orain buru-belarri; orain bi aste Usurbilen Buruntzaldeko bilkura egin ondoren, Lasarte-Orian ere azaldu dituzte eztabaidarako txosten horren ildo nagusiak.
Pablo Barrio eta Jon Martin EH Bilduko kideek egungo egoera politikoaren irakurketa eginez nabarmendu dute “aldi berri bat hasteko” beharra. Helburua koalizioa “zabalagoa, dinamikoagoa eta eraginkorragoa” egitea da, Barrioren hitzetan. Bi dira proposatutako aldaketa nagusiak: batetik, koalizioa sortu zuten alderdien rola zehaztu dute; bestetik, EH Bilduko militanteen figura sortuko dute, bilkide izenekoa.
Modu horretan, alderdiek pisua galduko lukete, oraindik ere erabakitzeko gaitasuna izan arren, zuzendaritzako parte izaten jarraituko dute eta. Organigraman “alderdien mahai bat” eratzea aurreikusi dute, eta hauteskunde aliantza berriei buruz haien oniritzia beharko litzateke. Testua onartzen bada, aurrerantzean EH Bilduko alderdietako afiliatuak ez diren herritarrek koalizioan izena emateko aukera izango dute. Orain iristen ez den esparruetara zabaldu nahi du horrela EH Bilduk.
Antolaketari dagokionez, izaera konfederala proposatzen du testuak. Alegia, EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian egitura propioak izango ditu. Izan ere, Euskal Errepublika sortzeko modua ere egitura horretan oinarrituko da: “Espazio bakoitzak bere bidea jorratuko du”.
Egungo egoeraren aurrean, ezinbestekoa ikusten du koalizioak itxura eta barne funtzionamendua aldatzea. Testuan aipatzen denez, politika neoliberalek gizartean aldaketa sakona eragin dute, eta demokrazia ulertzeko era moldatu dute. Bestalde, Espainian frankismoaren ostean sortutako egitura ere auzitan dagoela erakutsi dute hainbat gertaerak: ustelkeria endemikoak, Kataluniako prozesu subiranistak, alderdi berrien sorrerak… “Marko autonomikoa agortuta dago”, salatu du EH Bilduk. Alderdienganako konfiantzarik eza gainditzeko, herri mugimenduen kulturak eta alderdien mekanismoak uztartu nahi dituzte.
Eztabaidarako testua oraindik behin-behinekoa da, eta Bilboko kongresura bitartean ekarpenak jasotzen ari dira. Lasarte-Oriako biltzarrean ere testuko hainbat punturen inguruan eztabaidatu dute, eta herritarren proposamenak jaso dituzte EH Bilduko arduradunek.