EH Bildu: "Bozei begirako aurrekontuak dira"

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 20a, 13:00

Oposizioko alderdi nagusia izan da aurrekontuen aurka bozkatu duen bakarra: "Ez dago gogoetarik epe erdi-luzera begira". EAJk ere balorazioa egin du: abstenitu egin da, haien eskariak "guztiz ase" ez dituelako. Atsobakar kirolgunean jarri du indarra

Duela astebete onartu zituen udalbatzarrak aurtengo aurrekontuak, PSE-EEren zazpi botorekin, eta EAJ, Ahal Du Lasarte-Oria eta PPren abstentzioari esker. EH Bilduko lau ordezkariak izan ziren aurkako boza ematen bakarrak. Aste honetan prentsaurreko batean eman dituzte jarrera horren arrazoiak: "Hurrengo urteko hauteskundeei begira eginiko aurrekontuak dira", salatu du Leire Elizegi alderdiko bozeramaileak. Pablo Barrio, Kristina Bernal eta Gorka Lizarragarekin batera egin du agerraldia.  

Aurreko urteetan EH Bilduk proposaturiko hainbat egitasmorako diru sorta onartu dute, baina ez da nahikoa izan haien ezezkoa eragozteko. "Pauso txikiak izan dira". Izan ere, Elizegik azaldu duenez, aurreikusitako inbertsioen %10,6 besterik ez dira bete.  "EAJren eta PSE-EEren kudeatzeko ahalmena eskasa da. Kea saltzen dira maisuak". Horregatik, zalantzan jarri ditu aurtengorako inbertsioak betetzea.  

Hurrengo urtean dira egitekoak udal hauteskundeak, eta EH Bilduren ustez, horretan pentsatzen ari dira dagoeneko sozialistak. "Ez dago gogoetarik epe erdi-luzera begira egin nahi den Lasarte-Oriari buruz". 

Adibideak jarri ditu Elizegik:  Atsobakarreko kirol gunea. "2019rako hauteskundeetarako bukatuta nahiko lukete. Proiektu horren kostuengatik, plan estrategiko baten barruan behar luke, herritarren parte hartzea sustatzeko. Baina horren emaitzak ez dira ikusten". Argi utzi du zinegotziak: EH Bildu ez dago kirolgunearen aurka, baina "herritarrekin eginiko plan estrategikoa" bota du faltan. 

Beste bi proiektu aipatu ditu Elizegik, aurrekontuen muina argitzen dutelakoan. "Argiteria eta asfaltatua egiteko inbertsio potoloak hauteskundeetarako prest egoteko pentsatuak daude". 

Beharrezkotzat jo ditu lan horiek, baina "herriko beste beharrekin" tartekatu behar direlakoan dago, "nahiz eta horren ikusgarriak ez izan". Parte hartzea, genero berdintasuna eta aniztasunen inguruan EH Bilduk egindako proposamenei uko egin zaiela salatu du. "Lan handia eta bozka gutxi ematen dituztelako, seguruenik". 

EAJren balorazioa 
EAJk ere aurrekontuen balorazioa egin du, eta ohar bidez zabaldu du. Jon Antxordoki eta Estitxu Alkorta dira zinegotziak. Zazpi zuzenketa aurkeztu dituzte guztira. Horietako bat kendu egin dute azkenean, zirriborroaren lanketan parte hartzeko aukera eman diolako udal gobernuak. "Landaberri Ikastolaren gainak konpontzearena, koherentzia politikoagatik atzera bota dugu, udala gehiegi zorpetzeko arriskuan dagoelako, eta batez ere, 2011-2015 legealdian nahiko lan egin genuelako udalak zekarren zorpetze maila murrizteko". 

Hala eta guztiz ere, jeltzaleen eskariak "guztiz ase" ez direlako, ez du "baiezko borobila eman", nahiz eta aurrekontuak onartzeko oztoporik ez jarri. 

"Kirola ardatz" 
Dena den, EAJk azaldu du bat datorrela  aurrekontuak jasotzen duen hainbat proiekturekin. Horien artean bat nabarmendu dute: Atsobakarreko 2. kirolgunea.  "Egitasmo horrek kirol azpiegituraren beharrei benetan erantzuten dio". 
Kirolgune berri horretan atletismo pistaz gain, errugbi eta futbol zelaiak egin nahi dituzte. "Lehentasunezko proiektua da", EAJren arabera.  Alderdia "harro" dago, oposiziotik udal "gobernua bide horretan jartzea" lortu duelako. Gogora ekarri du gimnasio pribatuetako kudeatzaileekin sinatutako akordioa ere haien proposamena izan zela.