Egitarau erakargarria iragarri du Kukukak antzerki topaketarako

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 17a, 10:00
III. Antzerki Topaketa antolatu du Kukuka antzerki eta dantza eskolak hilaren 23 eta 24rako; ikuskizun ugari izango dira

Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean, III. Antzerki Topaketa antolatu du Kukuka antzerki eta dantza eskolak. 

Martxoaren 23an, udalak antolatuta, Hika Teatroa taldearen Txarriboda antzezlana ikusteko aukera izango da, Manuel Lekuona Kultur Etxean.

Hurrengo egunean, berriz, zenbait ekintza izango dira goizetik iluntzera arte. 

10:00etatik 12:00etara, familientzako antzerki tailerra egingo da Sasoeta Ikastetxeko gimnasioan. Haurrak gurasoak lagunduta joan behar dute tailerrera eta aurrez izena eman beharko dela jakinarazi dute (655 847 345 telefono zenbakira deituta). 

12:15ean, Kalean otso, etxean uso haurrentzako antzerkia izango da, Gaztelekuan. 18:00etan, Amaia Irazabalek Inor ez dator obra eskainiko du. Ordubete geroago, Dorleta Urretabizkaia eta Asier Hernandez aktoreek Gudua antzezlana eskainiko dute Abend garagardotegian, eta amaitzeko, Pablo Mutiozabal kaleko Furia Beltza tabernan, Zaharrak berri lana izango da ikusgai.Ekitaldiak doan izango diren arren, borondatea jasoko dute.