EAJ, pozik merkatalgune berriaren proiektuarekin

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 27a, 12:47

Leroy Merlin nazioarteko enpresak Lasarte-Orian ireki nahi duen merkatal gunearekin "itxaropentsu" agertu dira EAJko kideak. Udal gobernuari eta oposizioari hots egin diote proiektuari baiezkoa eman diezaioten, "herritarrentzat onuragarria" izango dela argudiatuz

Errekaldeko industrialdean eraiki asmo duten Leroy Merlin merkatalgune berria "aukera paregabetzat" definitu du Lasarte-Oriako EAJk. Alderdiko Jon Antxordokik eta Estitxu Alkortak argudiatu dute "Lasarte-Oriako biztanleentzat giza onurak eta onura ekonomikoak bermatuko" dituela proiektuak.

Egun, belatokia kokatuta dagoen eremuaren atzekaldean eraikiko dutela, Lasarte-Oriako lur eremuetan. Nazioarteko enpresarekin eta Jaurlaritzarekin bi urteko negoziazioaren ondorioa dela azaldu dute, eta "pozik" agertu dira helburua bete dutelako. Izan ere, adierazi dutenaren arabera, "presioak" jasan dituzte gune komertziala Donostiako eremuetara eramateko.

Donostiako Udalarekin bateragarritasun plana landu dute, erabiliko den lur eremuaren zati bat ez baita Lasarte-Oriakoa izango.

200 lanpostu inguru 

Herrian "era positiboan" eragingo duela azaldu dute, "zuzeneko 150 lanpostu eta zeharkako 40" sortuko baitituzte. Era berean, udalak zergetan urtean 150.000 euro inguru jasoko dituela jakinarazi dute Antxordokik eta Alkortak.

Herriko langabetuen kontratazioa sustatzeko hitzarmena bultzatuko dute nazioarteko enpresarekin.

Uztaileko batzarra

Proiektua uztaileko ohiko udalbatzarrean bozkatuko dute ordezkaritza duten talde politikoek. Lehenago, hirigintza batzordearen oniritzia jaso beharko du.

Udal gobernuaren eta oposizioaren "babesa" eskatu dute EAJko kideek, "beharrezkoak diren baimenak lehenbailehen emanaz", proiektua ahalik eta epe motzenean aurrera atera dadin.

Antxordokik eta Alkortak aurreratu dutenez, merkatal guneko obrak 2019ko uztailean amaitzea espero dute. Izapide guztiak dagokien epean baimenduz gero, datorren urteko martxoan hasiko lirateke eraikuntza lanak.