EAJ pozik aurrekontuan bere proposamenak onartu direlako

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 4a, 12:24

Aurrekontuari abstentzioa eman zioten EAJko bi ordezkariek, "kontu hartzailearen kontrako txostena" zegoelako. Hala ere, pozik daude 2017ko dokumentuarekin

Astelehenean agerpena egin zuten EAJko ordezkari Estitxu Alkortak eta Jon Antxordokik ostiraleko ezohiko Udalbatzarrean 2017ko aurrekontuei emandako abstentzioa azaltzeko. Alkortak nabarmendu zuen "arduratsu" jokatu dutela, "herritarren interesa eta onura" lehenetsiz. Hala ere, kontu hartzailearen kontrako txosten bat egonik, baiezkoa ematea "ezinezkoa" zitzaien, EAJko ordezkariak azaldu duenez. Udaleko soldata-masak "legeak ezarritakoa gainditzen duela" argudiatu dute. "Ulertzen" dituzte, batetik, "aurrekontuetan dena koadratzeko dauden zailtasunak", baina uste dute "posible zela legearen barnean egokitzea".

Pozik finantziatutako proiektuekin

Atsobakar auzoan egingo den kirolgune eta Michelingo kiroldegi berrien finantziazioarekin pozik agertu dira Alkorta eta Antxordoki. "EAJk bere programan aurkeztutako neurria" dela azpimarratu dute, eta "pozik" daudela Udal Gobernuak aurrera eramatea erabaki duelako. 

Proposatu zituzten hamabi emendakinetatik bederatzi onartu dizkietela azaldu du Antxordokik. "Kontent dira Gobernuak erakutsitako jarrerakin eta euren alderdia kontuan hartu" izateagatik. Halaber, kirol instalakuntzak hobetzea lehentasuna izatea  "garrantzitsua" dela nabarmendu dute jeltzaleek. Horregatik, diote "harro" daudela "oposiziotik Udal Gobernua bide horretan jarri" dutelako.