Dotore luzituko dira aurtengo abenduan

maddi-noriega 2017ko abe. 1a, 11:28
Urria eta azaroa josi eta josi igaro ostean, jantzi tradizionalen ikastoroko parte hartzaileek egindako lanak erakutsi dituzte. Trebezia handia erakutsi dute hari eta orratz artean, eta egindako jantziak luzitzeko garaia heldu zaie kurtsoa amaitzean

Mimoz, deitale bat bera ere ahaztu gabe, egin dituzte aurtengo jantzi tradizional ikastaroko jantziak. Batzuk jostera ohituta dauden arren, badira hari eta josteko makina artean ohitura gutxiago dutenak ere, baina hori ez da inondik inora oztopo izan lan dotoreak egiteko. Gogo eta ilusioari heldu, eta jantzi ederrak eginda amaitu dute ikastaroa.

Urrian ekin zioten ikastaroari, eta astean bi egunez (asteartetan eta ostegunetan), arratsaldeko 15:30etik 17:30era aritu dira lan eta lan. Emakumeen Zentro Zibikoan elkartu dira jostunak, eta Ione Artola hezitzaileak azaldu duenez, fin aritu dira: "Harrotasunez esan dezaket, oso txukun aritu direla lanean, eta talde giroa ere oso ona izan dugu". 

Parte hartzaileak ere oso gustura agertu dira, eta batek baino gehiagok nabarmendu du  ikastaroa amaitzeak "pena" eman diola.

Garai batekoak eta oraingoak
Geroz eta jantzi tradizional koloretsuagoak ikusi ohi dira gaur egun. Orain urte batzuk, ilunagoak, puntu eta loredunak izaten ziren ohiko jantziak, baina gaur egun, denetarik ikus daitekeela azaldu dute ikastaroko parte hartzaileek. "Badira betiko jantziari telak gehitu eta itxura aldatzen diotenak, baita traje koloredunak egiten dituztenak ere". 

Urtea hastearekin batera, Titare 
Jantzi tradizionalen ikastaroa atzo amaitu zen, baina josten jarraitzeko aukera izango da 2018an ere.

Ttakun Kultur Elkarteak, urteroko Titare ikastaro iraunkorra martxan jarriko du urtarrilaren 12tik aurrera. Ostegunetan izango dira saioak, 15:30etik 17:30erako ordutegian, eta bertan parte hartu nahi duenak, izena eman beharko du, Ttakun Kultur Elkartean, 943 37 14 48 edota 695 78 53 89 telefono zenbakietan.