Done Jakue azokak Erdi Aroko ukitua emango dio herriari asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 11a, 19:04

Artisautza postuez gainera, kale antzerkiak, kalejirak eta kontzertuak ere izango dira.

Bide guztiak Santiago de Compostelarantz doaz. Baita Lasarte-Oriatik igarotzen dena ere. Eta Done Jakue bidea herritik igarotzen dela gogorarazteko, asteburuan Erdi Aroan murgiltzeko gonbita luzatu dute, Done Jakue merkatuaren bidez. Iazko arrakasta ikusirik, sustatzaileek bigarren aldia antolatzea erabaki dute. Eta berrikuntzak ekarri dituzte: hegazti harrapakarien hegaldien erakusketa izango da. Gainera, merkatuko postuez gain, kale antzerkiek eta musikak girotuko dute herrigunea. 
Jesus Zaballos alkateak, Maite Iglesiak Kultura zinegotziak, Juantxi Ugarte Kultura teknikaria eta Pedro Carrasco  Xacobeo 2021 Camino del Norte  etxeko sustatzaileek aurkeztu dute ekitaldia. 
Ostiral arratsaldetik igande iluntzera bitartean Okendo plaza, Elizatze plaza eta Kale Nagusia hartuko ditu azokak. Izan ere, biribilgune batetik bestera trafikoari itxita egongo da kalea. Ehun bat artisauen postu izango ditu azokak, askotariko produktuekin. 
Baina horrez gain, aisirako aukera ugari eskainiko ditu Done Jakue merkatuak. Carrasco antolatzaileak adierazi duenez, "oso parte hartzailea" izango da ekitaldia. Izan ere, 11 tailerretan eskulanak ikasi ahalko dira. Besteak beste, dirua egiteko, oihala egiteko, ardo botak, edo zintzarriak egiteko ikastarotxoak antolatu dituzte. 


Hegazti harrapakariak, gertutik 
Berrikuntza nagusia hegazti harrapakarien hegaldi erakusketa izango da. Asteburu osoan hainbatetan egingo dute, Kale Nagusian. Gerturatzen direnek aukera izango dute animalia hauei buruz gehiago jakiteko, eta bertatik berta hegan egiten ikusteko. 
Sustatzaileek herritarrei dei egin diete azokara gerturtatzera, eta giroan murgiltzera. Ez dute zaila izango horretarako; izan ere, kalejira ugari egingo dituzte, eta kale antzerkiak ere han eta hemen egingo dituzte. 
Musikak ez du hutsik egingo. Barzania taldea gonbidatu dute azokara. Musika zelta jotzen du taldeak, "era ikusgarrian", antolatzaileen hitzetan. Hamar lagunek osatzen dute taldea. 

Antzerkia ostiralean

Astebururako kultura eskaintza zabala prestatu du udalak. Izan ere, ostiralean, azoka ixtean, Obra de Dios antzezlana emango dute, Manuel Lekuona kultur etxean. Mariano Peña Espainiako aktorea da antzezlaneko protagonista.  21:30ean hasiko da obra, eta 12 eurotan eskuratu daiteke sarrera.