Hiru domina jantzi ditu Zudairek Portugalen

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 6a, 17:14
IWAS World Games txapelketa jokatu du Buruntzaldea IKTko igerilari gazteak. Bi urre eta zilar bat ekarriko ditu bueltan Lasarte-Oriara

Nahia Zudaire Buruntzaldea IKTko igerilariak kolkoa bete domina ekarriko ditu bueltan Portugaldik. IWAS World Games txapelketa jokatu du, Espainiako Igeriketa Egokituko Selekzioarekin, Vila Real de Santo Antonion. Bi urre eta zilar bat lortu ditu. Urreetako bat, 200 metro librean: 2:48,13 marka ikusgarria egin du, eta lehen postua eskuratu ez ezik, 11 segundotan ondu du bere aurreko marka. Bestalde, 50 metro tximeletan ere urrea lortu du, 38,99 denborarekin. Zilarrezkoa 400 libre proban eskuratu du, lan ezin hobea eginez: 5:48.13an geratu zuen kronometroa, txapelketa horretara zeraman marka hamar segundoan hobetuz. 200 estilotan eta 100 librrean ere lehiatu da Zubietako igerilaria. Laugarren sailkatu da bi proba horietan; 3:22.08ko eta 1:19.74ko denborak egin ditu, hurrenez hurren.  

Borja Apeztegia prestatzailea oso pozik dago Zudairek Portugalen egindako lanarekin: "Ikaragarri aritu da Nahia (Zudaire) Portugalen: dominez gain, bi laugarren postu eta hiru marka pertsonal berri eskuratu ditu. Ezin gehiago eskatu".