Dena prest Sorgin Jaiak lehertzeko

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 23a, 12:13
Aurten Gure Esku Dagok botako du txupina. Astelehenetik hasita, gazteek egitarau zabala prestatu dute festetarako.

Gutxi falta da San Pedro jaietarako, eta Sorgin Jaiek ere proposatu dute festez bete-betean gozatzeko eskaintza zabala. Festetako egitaraua aurkeztu dute, hainbat berrikuntzarekin. Aurten, Gure Esku Dagok botako du txupina. San Pedro bezperan, 21:30ean, irekiko dituzte ofizialki festak, Okendo plazan. Sorgin Jaietako lan talde feministak aldarrikapen bat egiteko aprobetxatu du agerraldia: salatu dute festak eta alkoholak sexu erasoak legitimizatzen dituela, eta, horren aurrean, "dinamika bat" abian jarri dute emakume guztiek edozein herritarren antzera goza ditzaten festak. 

Astelehenetik bertatik antolatu dituzte ekitaldiak. Haurren eguna izango da hilaren 26a, eta, 17:00etatik 20:00etara bitartean, gaztetxoenentzako ekintzak prestatuko dituzte, Okendo plazan. Bestalde, tailerrak antolatuko dituzte Elebeltzen: 11:30ean Autodefentsa Feminista, eta, 17:00etan, berriz, Low Cost multinazionalak. 

Hurrengo egunean, asteartean, nerabeen eguna izango da. 17:00etan Oriako jaitsiera egingo dute, 18:00etan karaokea, eta, azkenik, 20:30ean, afaria. 

Asteazkena izango da egun handia, San Pedro bezperan. Isla plazatik jaitsiko dira kuadrillak, 18:30ean. Pontxo Rock jaialdia egingo dute gero REM-en, 19:00etan. Txupina bota eta gero, Skakeo eta Zaparra taldeek girotuko dute gaua.

Olinpiadak ostegunean egingo dituzte, 19:00etan. Ostiralean, berriz, presoekiko elkartasun manifestaziora deitu dute, herri afariaren aurretik. Larunbatean amaituko dira ekitaldiak, festekin batera. Bakailu txapelketa egingo dute goizean, eta erraustegiaren aurkako ekintza egingo dute arratsaldean, Okendo plazan. Musikarekin gaueko ordu txikiak arte festa ahal bezainbeste luzatzeko gonbita egin dute Sorgin Jaiek.