Debekatua dago sufre-hautsa kalean erabiltzea

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uzt. 6a, 12:00
Lasarte-Oriako Udalak herritarrei oroitarazi die debekatuta dagoela sufre-hautsa kalean erabiltzea

Lasarte-Oriako Udalak herritarrei oroitarazi die debekatuta dagoela sufre-hautsa kalean erabiltzea. Hain justu, azkenaldian udalak antzeman du hauts toxiko hori bota dutela kale kantoi batzuetan, animaliak pixa egitea eragozteko asmoarekin. Edonola ere, sufrea kaltegarria izan daiteke osasunarentzat, batik bat arnasten, irensten edo azalarekin ukitzen bada. Horregatik, bide publikoetan produktu hori edo antzekoak erabiltzea guztiz debekatua dago. 

Udal ordenantzak honela arautzen du: "Usain txarrak sorrarazten dituen, toxikoa den eta/edo, oro har, gogaikarri gertatzen den edozein substantzia iturri, ibai, errekasto edo urmaeletan edo bide publikoan botatzea arau hauste larritzat jotzen da, eta 301 eurotik 1.000 eurora arteko isunarekin zigortua izan daiteke".