Triatloiko denboraldia hasi da Euskal Herrian, Sopelako Duatloiarekin. Trinko taldeko kirolariak lehian hasteko prest daude, baina proba ofizial batean ikusteko zerbait gehiago itxaron beharko da. Martxoaren 3an Eibarko Duatloian egingo dute debuta, hurrengo asteburuan.
Elkarte berria da Trinko, baina lasterketa ugaritan ikus daitezke haien elastiko berdeak. Orain bi urte inguru sortu zuten, triatloian ibiltzen diren herritarrak batzeko helburuarekin. Aurretik zikloturisten bilgunea zen. "Batzuek triatloia egiten genuen. Ikusi genuen gero eta gehiago ginela, eta talde bat ateratzea erabaki genuen", azaldu du Asier Gorostegik, Trinkoko sortzailetako batek.
Asko dira triatloia bere kasa entrenatzen dutenak. Izan ere, bakarkako kirola da. Halere, beste diziplina askotan bezala, taldelana oso garrantzitsua da. "Taldeko giroa da guk eskaintzen duguna, talde bateko partaide izatea". Egun, hamalau pertsonak osatzen dute Trinko. Gorostegik uste du Lasarte-Oria bezalako herri batentzat kopuru txikia dela. Taldea berria izatea izan daiteke arrazoi bat. "Donostia oso gertu dugu. Gainera, aurretik beste elkarteetan dabiltzan triatletak badaude herrian, baina zaila da horiek erakartzen, ohitura batzuk hartu dituztelako dagoeneko".
Talde giroa
Horrez gain, Gorostegik badu beste arrangura bat: emakumerik ez da taldean. "Badaude triatloian ibiltzen diren emakumeak hemen, baina kanpoko taldeetan aritzen dira. Izan genituen hiru emakume, baina utzi egin zuten". Esaterako, Pili Bodegas eta Maria Mendibe beste taldeetan aritzen dira. "Gustatuko litzaiguke gurekin izatea, baina zaila da. Azken finean, lagun talde bat gara, ez dugu lokalik ez ezer". Epe ertainera begira emakumeak taldean biltzea espero dute.
Baina giroa ez da Trinkok eskaintzen duen gauza bakarra. Buruntzaldea IKTrekin akordio bat dute, eta, horren arabera, triatloian lehen urratsak egiteko interesa duten igerilariak taldean sarbidea dute. Trukean, triatloilariek aukera dute Buruntzaldeako master atalean entrenatzeko. "Entrenatzaile zerbitzua eskaintzen dugu. Master taldean entrenatzen dugu, eta korrika eta txirrindularitzako entrenamenduekin osatzen dugu".
Harreman horren adibide da Iñigo Ibarburu. Distantzia luzeko Euskal Herriko txapelduna da Buruntzaldea IKTrekin, eta aurten Trinkorekin aterako du federazioko lizentzia. "Esprint probetan arituko da. Igeriketako zatian presentzia emango dio taldeari", dio Gorostegik.
Kirol bakarra da triatloia, baina hiru modalitate uztartzen ditu. Horregatik, beste elkarteekin elkarlanean aritzeko aukera zabalak eskaintzen ditu. "Asmoa da beste taldeekin sinergiak sortzea, igeriketan Buruntzaldea IKTrekin egin dugun bezala. Badakigu zaila dela, beste elkarteek bere ohiturak dituztelako, baina saiatzen gara horretan".