Dantzaren nazioarteko eguna Villa Mirentxun

martin-vicioso 2017ko api. 25a, 20:34
Larunbatean, apirilaren 29an, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da munduko txoko guztietan. Lasarte-Oriarako ere egitarau berezia prestatu dute Kukuka antzerki eta dantza eskolako lagunek, eguerdiko 12tan hasita Villa Mirentxu aurreko plazan

Urtero legez, aurten ere ospatuko da Dantzaren Nazioarteko Eguna Lasarte-Orian. Kukuka antzerki eta dantza eskolak antolatu du larunbatean Villa Mirentxun egingo den ekitaldia, Udalaren laguntzarekin batera.

Adierazi dutenez, aurreko urtetan "modu lokalagoan" ospatu izan dute. Izan ere, herriko dantzari eta dantza eskolekin batera prestatu izan dituzte egitarauak. Aurten, berriz, "zabaltzeko" apustua egin nahi izan dute.

Horretarako, Euskal Herrian izen ona eta ibilbide oparoa duten hiru dantzari gonbidatu dituzte. Erakustalditxoa egiteaz gain, haiekin solasteko aukera edukiko dute bertaratutakoek Villa Mirentxu aurreko plazan eguerdiko 12tatik hasita.

Dantza anitzak 

Arantza Iglesias, Myriam Perez eta Sergio Nguema izango dira biharko emanaldian arituko diren dantzari eta koreografoak.

Ez dituzte saio luzeak egingo. Izan ere, helburu nagusia dantza ezberdinen zertzeladak jasotzea da. Hori dela eta, hamar eta hamabost minutu bitarteko erakustaldiak taulagaineratuko dituzte. Esperientzadun dantzariek euren espezialitateak erakutsiko dituzte.

Arantza Iglesias dantza garaikidean eta afrikarrean aditua da, eta erakustaldiak egiteaz gain, tailerrak ere antolatzen ditu.

Myriam Perez dantzari eta koreografoak ere dantza garaikidea du espezialitate. Berak ere zenbait ikastaro antolatu ditu azken urtetan.

Hip hopa eta 'break dance'-a lantzen ditu, berriz, Sergio Nguemak. Slowww dantza taldeko kideak 'Tiempo' izeneko lan berria aurkeztuko du lasarteoriatarren aurrean.

Hiruek bere emanaldia amaitzean, euren ibilbidea aztertuko dute bertaratutakoekin. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, "herritarren parte hartzea gogoz eskertuko" lukete.

Halaber, 'lunch' edo hamaiketakoa egingo dute lagunartean.

Grabitatea gaindituz

Dantzaren Nazioarteko Egunez, urtero ospe handiko koreografo bati manifestua idazteko enkargua egiten zaio. Dantzari eta dantzak sortutako sentimen eta eraginei buruzko hausnarketak izan ohi dira.

Aurtengo testua Trisha Brown estatubatuarrak idatzi zuen. Martxoaren 18an zendu zen, eta sari eta aitorpen ugari jaso zituen bere ibilbidean zehar. Hortaz, aurtengo Dantzaren Nazioarteko Eguneko ospakizunak bere omenez ere izango dira, neurri batean. Hona hemen aurten idatzitako manifestuaren zatitxo baten itzulpena:

"Dantzari egin nintzen nire hegan egiteko desioagatik. Grabitatea gainditzea izan zen gehien emozionatu izan nauen gauzetako bat. Ez dago gordetako esanahirik nire lanetan. Forma fisikoa hartzen deuen jarduera izpiritual bat da".

Manifestuaren beste pasarte batzuk ere gogoratuko dituzte bihar, euskaraz eta gaztelaniaz.

Bosgarrenez

2013an antolatu zuen egitaraua Kukukak lehen aldiz Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira. Beraz, aurtengo ekitaldia bosgarrena izango da.

Esan bezala, herriko beste dantza taldeekin antolatu ohi izan dute aurreko urteetan. Hala, Erketz EDT-k, Amaia Caballeroren eskolak, Zambrak eta Kukukak berak hartu izan dute parte, besteak beste.

Dantza anitzak uztartu dituzte, eta euskal dantza tradizionalak jorratzeaz gain, doinu eta erritmo afrikarren, kubatarren edo garaikideen gainean ere dantzatu dute.

Herritarrek gustura hartu dute parte orain arteko bost ekitaldietan, eta biharko erakustaldietara ere gerturatzeko deia luzatu dute antolatzaileek.

Ondorengo solasaldian ibilbide handiko hiru dantzariekin solasteko aukera izango denez, dantza gustuko duten edota dantzarekin interesa duten herritarrek aukera paregabea edukiko dute larunbat honetan.