Berriki zendutako dantzari, koreografo eta zuzendari artistiko Trisha Brownek argi zioen gaurko egunaren harira idatzitako manifestuan: "Dantza jendeak egiten du; jendeak, eta ideiek. Publikoak etxera eraman dezake sormen bultzada hori eta euren eguneroko bizitzan praktikara eraman". Gaur eguerdian Villa Mirentxura hurbildu diren lasarteoriatarrek dosi ederra eraman dute bueltan etxera, dantzan nekatu gabe aritu diren Arantza Iglesias, Myriam Perez eta Sergio Nguema artistei esker. Dantzaren Nazioarteko Eguna izaki, ospatzeko ekitaldia antolatu du Kukuka eskolak, Udalarekin elkarlanean. Maider Oiartzabal Kukukako kideak zehaztu duenez, "kontzientziaz" pentsatu dute antolatzaileek aurtengo ospakizun ekitaldira zein gonbidatu: "Profesionalki aritzen dira dantza munduan hiruak, eta Euskal Herrikoak dira gainera".
Aipatutako hiru artistek ordu laurden inguruz dantzatu dute Villa Mirentxuko oholtza inprobisatuan, hainbat herritar begira zituztela. Ondoren, Miren Zalduak Trisha Brownek idatzitako manifestua irakurri du euskaraz zein gazteleraz, eta, bukatzeko, hiru gonbidatuekin solastu dira ekitaldira bertaratutakoak.
"Dantzak ez dauka inongo mugarik"
Tartekirako hautatu esaldi hau izan da solasaldiko lezio aberasgarrienetako bat, baina ez bakarra. Hiru dantzariek gogoeta oso mamitsuak plazaratu dituzte lasarteoriatarren aurrean.
Gaur plazaratutako koreografien esanahia eta sorreraren inguruan mintzatu dira aurrena. "Ideia zehatz bat neukan: pertsona bat galtzen denean, bideak bilatzen ditu, burua zein gorputzaren bidez. Bakoitzak zerbait desberdina esaten du, eta, nire ustez, bakoitzean badaude halako erresistentziak eta bultzadak. Hori izan da oinarri orokor bat", nabarmendu du Iglesiasek. Ildo beretik jo du Perezek: "Pertsona bat galduta dagoenean, segurtasun edo konfort egoera batetik atera eta parentesi horretan egon bitartean sentitzen diren bertigo eta antsietateak, norabide jakin batetik joatea erabakitzen duzun bitarte hori islatu nahi izan dut". Nguemak, berriz, honakoa plazaratu du: "Teknika ikaragarri garrantzitsua da, jakina, baina dantzariak barruan ez badauka zer espresatu, herren geratzen da, hutsik".
Plazara atera den beste galderetako bat izan da ea dantza pertsona guztientzat ote den, eta mugarik badaukan edo ez. Arantza Iglesiasek argi eta garbi adierazi du bere ustea: "Dantza jaiotzen garenetik daukagun beste lengoaia bat da, batzuk garatzen dugu eta beste batzuk ez. Guztiena da, eta ez dauka inongo mugarik".
"Publikoak %50eko eragina dauka nireak diren koreografietan; niri gustatzen ez bazaizkit, ez ditut egiten", adierazi du Sergio Nguemak. "Batzuetan, honako galdera egiten diot nire buruari, ikuslearen azalean jarrita: ‘Emanaldi bat ikustera joango banintz, zer gustatuko litzaidake ikustea?’. Piezaren araberakoa da baita ere hausnarketa hori: komertziala bada, orduan gehiago pentsatu behar duzu publikoarengan", gehitu du. Perezek ere eman du bere ikuspuntua itaun horren inguruan: "Publikoa kontuan hartzerakoan modu desberdinak daude: horietako batek asko mugatzen gaitu, ikusleen onarpena jasotzearenak. Nik uste dut alde batera uzten saiatu behar dugula hori, dantzari gisa aurrera egiteko".
Azkenik, dantzak Euskal Herrian bizi duen egoeraz hausnartu dute hiruek. "Nik uste dut mugimendu asko dagoela, indartsu datozela belaunaldi berriak, batez ere dantzari eta sortzaile aldetik. Merkatua…zaila. Asko borrokatu behar izaten dugu oraindik", adierazi du Perezek. "Nik uste dut badagoela ezinegon handia sortzeko, mugitzeko…baina mundu horretan gabiltzanon nahiak eta merkatua ez doaz erritmo berean: falta dira guk sortzen duguna publikoarekin partekatzeko espazioak. Instituzioek pilak jarri behar dituzte, sortzaileok hor baikaude". Nguemak, azkenik, ikuspuntu baikorra plazaratu du: "Ikusten dut Euskal Herritik kanpora ateraz gero are laguntza eta aukera gutxiago ditugula. Hemen gutxienez baditugu espazioak, noizean behin diru-laguntzaren bat… Baina espainiar estatuan are okerragoa da. Hori bai, Frantzian edo Alemanian hemen baino aukera askoz gehiago eduki ohi dituzte dantzariek".