Dantza emanaldi bikoitza izango da asteburuan, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Lehena, 'Hormek diote On Stage' saioaz gozatu ahal izango da gaur, iluntzeko 20:00ean. Hormek esango luketena aitzakiatzat hartuta, Haatik dantza konpainiak elkarbizitzako zailtasun eta arazoez hausnartzeko duen dantza ikuskizuna sortu du. Emigrazioa, generoen arteko ezberdintasuna, gizartearen autoestimua eta beste hainbat gai taularatuko ditu aipatu emanaldiak.
Hormek, ez dute ahorik, ez dute mihirik, ez dute begirik, ez dute belarririk; ez dakite hitz egiten, ez dakite entzuten, baina begiratu egiten digute. Gatozenean, hormak bertan daude, eta goazenean bertan gelditzen dira.
Ikuskizun hau Donostia 2016 ekimenaren barruan aurrera eramandako 'Hormek diote' lana oinarri hartut , bertako helburuak jarraitu eta parte hartu zuten artista ezberdinen lanak eta Haatik-ek kalerako sortutako bost pieza laburrak bilduz, antzokirako prestatutako ikuskizun bat aurkeztuko dute herriko Kultur Etxean.
Hau ikustera animatzen diren ikus-entzuleek 10 euroko sarrera ordaindu beharko dute.
Fitxa artistikoa
Aiert Beobidek zuzendutako lana da 'Hormek diote On Stage' dantza emanaldia. Berarekin batera, Olatz Beobide aritu da zuzendaritza artistikoko lanetan, eta beste hainbat partaiderekin batera, Ibai Jimenez, Iker Sanz, Jon Arsuaga, Irati Sorondo, Nerea Ezenarro, Anne Jauregi, Itziar Doyhartzabal, Aiert Beobide, Iñigo Etxeberria eta Nagore Zabala arituko dira dantzari lanetan.
Itzal galdua
Bigarren emanaldia, berriz, bihar eskainiko du Gero Axular Dantza Taldeak, leku eta ordu berean. 1990. urtean Karlistadak amaitutakoan, gogor jo zuen krisiak Hego Euskal Herrian. Horren ondorioz, Mauleko espartin lantegietara jo behar izan zuten Nafar askok lan bila. Etxeetan ez zuten bizitzeko nahikorik, beraz, are gutxiago ikasketak egin ahal izateko. Baina garaikoek kontatuta, batzuek beren itzala deabruari ematen omen zioten seme-alaben ikasketak ordaintzeko behar zutenaren trukean. Istorio hori taularatuko dute dantza konpainiako dantzariek eta hau ikusi ahal izateko, 5.50 euro ordaindu beharko dituzte herritarrek.