Gaur arratsaldekoa ez da izan aste honetan Lasarte-Orian ikusi eta entzun ahal izan dugun elkarretaratze zaratatsu bakarra. Astelehenean Zubietako errauste planta izan zen motibo; gaur, berriz, Sasoeta-Zumaburu ikastetxearen egoera. Burunzpe Guraso Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, "zentro horretan konponketak egiteko lanek ez dute baimenik oraindik". Era berean, Hezkuntza ordezkaritzari eskatu diote "konponbideak berehala" bilatzeko egoerari. Ikastetxearen egoitzan bertan elkartu dira dozenaka herritar.
Pello Sanchez eta Marta Nuñezek komunikatu bat irakurri dute, jakitera emateko zein egoeratan dagoen Sasoeta-Zumaburu: "Hezkuntza ordezkaritzak egoera suntsikorra zela ziurtatu zuen 2016an, baina gaur egun lanak ez daude baimenduta ere. Ikasle guztiek jasatzen dute arazoa, ikastetxe oso bat ari da sufritzen, heziketa-modelo oso bat dago gatazkan", azpimarratu dute.
"Egoera ez da batere aldatu. Udalak baimendutako lokalean jarraitzen dute haurrek, baldintza ezegokitan: eraikuntzaren eskuragarritasuna desegokia da eta jangelan ez dago larrialdietarako irteerarik", gehitu dute. "Horrek denak kalte egiten dio heziketa kalitateari, ez baitu baimentzen behar bezalako hezkuntza".
"Beste urtebete gehiago horrela ez"
Hitz horiek irakur zitezkeen Burunzpeko kideek gaur arratsalderako prestatu duten pankartan. Aipatu pankarta eskuetan eta txilibituak ahoetan, protesta zaratatsua egin dute egoera konpon dadin eskatzeko eta Hezkuntza ordezkaritzari konponbideak aurkitzea galdegiteko. Komunikatua irakurri eta txalo zaparrada luzea eskaini ostean, pankarta bera egoitzaren hesietara lotu dute, hortik igarotzen diren herritarrek euren aldarria irakurri dezaten.