Buruntzaldeko ibilbideak ezagutzeko martxa bat antolatu dute urriaren 8rako

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 27a, 17:55

Eskualdeko landa eremua ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dute Buruntzaldeko ibilbideek. Buruntzaldea.eus webgunean ikusi daitezke ibilbide horien nondik norakoak eta profilak. Dena den, bertatik bertara ezagutu ahal izateko ibilaldiak antolatu dituzte datorren igandea, hilak 8. Hala, 08:30etatik 14:00etara ibilbide horiek egiteko aukera izango da; partaide bakoitzari abiatzen denean txartel bat emango zaio, abiatzen den lekuko zigiluarekin. Partaide batek bi ibilbide eginez gero, oroigarri moduan pontxo/xira bat jasoko du opari gisa. Eta bukaeran autobus zerbitzua izango da norbera abiatu den herrira itzultzeko; zerbitzu hau erabiltzeko, derrigor, hasieran jasotako txartela zigilatua aurkeztu beharko da. 

Andoain, Usurbil, Lasarte-Oria eta Urnieta herriak lotzen dituen ibilbidea egin nahi izanez gero, Andoiandik 08:00etan abiatuko da talde bat, Euskalduna eta Mendigoizale elkarteek antolatuta. Autobusen zerbitzuen ordutegiak eta informazio gehiagorako, buruntzaldea.eus weborria bisitatu.