Eguraldi ezin hobea lagun, Buruntzaldea eskualdeko herrietako hainbat biztanle igo dira gaur Santa Barbarara, Sarek antolatutako errezitaldi kulturalaz gozatzera. Dantzatu dute, abestu ere bai, gozatu; baina aldarri ozenak ere bota dituzte, mendi hormetako oihartzunek are ozenago egin dituztenak: "Presoen etxeratzea da bakerantz, konponbiderantz eta bizikidetzarantz gerturatzeko bidea".
Santa Barbarako hitzordua urtean behin izaten da, baina euskal presoak etxera ekartzeko aldarriak, konstanteak, etengabeak. “Egunerokoak behar dute izan presoen aldarriak eta ekinak, nonahikoa, nornahirena”. Nabarmendu dute “premiaz” egon behar dutela kalean adineko presoek, larriki gaixo daudenek eta kondenaren hiru laurdenak beteta dauzkatenek. Hitz egin dute baita ere urruntze eta salbuespen politikez. “Indargabetu egin behar dira, are egungo testuinguruan”.
Gizarteak badu zer egitekorik aldarri horiek ozen entzun daitezen, eta eraginkorrak izan daitezen: “Ez dezagun utz besteen esku gure esku egon daitekeena; ez dezagun pentsa egitekorik ez dagoela, zer egitekorik badagoenean”.