Maiatzaren 29an Donostiako Gipuzkoa plazan jaiotako 'Gipuzkoa Zutik' ekimena etengabe ari da zabaltzen. Baita eskualdetara ere: Buruntzaldea gaur zutitu da, Okendon egindako lehenengo asanbladan. Lasarte-Oria eta inguruko herrietako hainbat pertsona elkartu dira plazan, 16:30ean. Ertzaintzako pare bat agente Askatasunaren plazara gerturatu dira, eta zenbait minutuz bertan egon ostean, joan egin dira.
Asanbladako kideek adostu dute talde txikitxo batzuetan biltzea, zenbait ideiaren inguruan iritziak entzun, jaso, eta, berriz elkartzean, partekatu eta eztabaidatzeko. Eskualdeko herrien arteko koordinazioa eta taldeak zein borroka-fokotan parte hartuko duen eta zeinetan ez, gai horiek hartu dituzte hizpide. Ordu erdi inguruz solasean aritu ostean, berriro elkartu eta taldetxoetan jasotako ideiak plazaratu dituzte.
Asteburura begirako ekintzak
Gipuzkoa Zutikek asteburura begira hainbat ekintza prestatu ditu. Larunbat arratsalderako bizikleta martxa antolatu dute, Zubietaraino. Arratsalde horretan zenbait ekintza egin ostean (mahai ingurua, errauste plantaren lanen gunera bisita, etab.), pilotalekuan egingo dute lo. Hurrengo goizean, 9:00etan, bizikletak hartu eta Añorgara joango dira, Belartzako proiektuaren aurka protesta egitera. 12:00etan, Antiguako tuneletik hasiko da erraustegiaren kontrako manifestazioa, GuraSOS elkarteak deituta. Buruntzaldea Zutikeko kideek horietan parte hartzeko asmoa azaldu dute gaurkoan. Egitasmoaren jardueraren berri izateko, euren twitter kontua jarrai daiteke: @buruntzazutik.