Buruntzako gailurrera, urteari amaiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 26a, 10:00
Azken urteetan lez, abenduaren 31n Buruntzara igotzen diren herritarrek hamaiketakoaz eta jaitxoaz gozatuko dute San Roke baselizan, 10:00etatik aurrera. Ostadar SKTk eta Ttakun KEk elkarlanean antolatutako ekintza ohitura bilakatu da

San Roke baselizaren inguruan giro ederra izango da abenduaren 31n, goizean. Ostadar SKTk eta Ttakunek antolatuta, Buruntza mendian 2017. urteari agur esateko aukera izango da.

Lasarte-Oria inguruko txokoez gozatu, eta, bide batez, kirola eginez urtea amaitzeko aukera eskaintzen dute bi elkarteek.

Herritarrek Urtezahar egunean haien kaxara eta erritmora egin dezakete Lasarte-Oria eta Buruntza arteko ibilbidea. Hainbat aukera daude mendira igotzeko: Lasartetik, Oriatik, Azkorteko baselizatik, Urnieta bidetik… Ibilbide laburra edo luzeagoa, herritarrek aukeratu beharko.

Hamaiketako gozoa

Gailurrera iristen direnek San Roke baselizaren ondoan dagoen aterpean hamaiketakoaz eta musikaz gozatuko dute.

Jaitxoa 10:00etan hasiko da,  eta jana bukatu arte iraungo du. Hamaiketako goxoa egongo da: txorizo errea, gazta, salda, ardo eta sagardo tragoxkarekin. Haurrentzat, gainera, txokolatezko tabletak dituzte. Eta jai giroa borobila izateko, trikitixa soinuez girotuko dute goiza.

Eguraldi txarra egingo balu, mendiaren magalean, baseliza ondoan, aterpea dago, eta sua egingo da tarte horretan epelago egoteko. 

Ohitura sortuz

Inguruko herri askotan dago ohitura mendian urte zaharra agurtu eta berriari ongietorria egiteko. Lasarte-Orian horrelako ohitura sortu asmoz, 2012an hasi ziren Ostadar SKT mendi saileko eta Ttakun Kultur Elkarteko kideak hamaiketako berezi hau antolatzen. 

Urtetik urtera errotuz joan da hitzordua. Iaz, esate baterako, ugari izan ziren eguraldi onak bultzatuta mendira igo ziren herritarrak. Giro polita sortu zela azpimarratu dute antolatzaileek, baita jatekoa azkar amaitu zela ere.

Urteari bukaera lege onean eman nahi dionak aukera du aurten ere mendi buelta ederra egin, eta Buruntzan lagun artean egoteko.Ostadar SKTk eta Ttakunek herritarrak animatzen dituzte hitzordura azaltzera.