Bizipen ederrak euskaraz biziz igaro dute uda

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 28a, 14:56
Harrera ezinhobea izan dute 'Mingaina Dantzan' udalekuek. Lasarte-Oriako Ttakun Kultur Elkartea arduratu da ekintzak antolatzeaz. Eremu euskaldunetako haurrak eremu hain ez euskaldunetakoekin nahastu dituzte, haien artean euskara sustatzeko

Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko helburua dute Mingaina Dantzan udalekuek. Amaitu berri dute lehenengo edizioa eta oso balorazio ona egin dute antolatzaileek.

Herriko Ttakun Kultur Elkartea aritu da antolakuntza lanetan, Eusko Jaurlaritzarekin, EUDELekin, UEMArekin eta Ebete enpresarekin batera. Azken honetako arduradunak –Iñaki Eizmendi herritarrak– begirale eta koordinatzaileei formakuntza saioak eskaini dizkie. Eremu soziolinguistiko ezberdinetatik datozen gazteen artean euskara sustatzeko teknika eta estrategiak landu zituzten horietan.

Izan ere, eremu euskaldun eta ez hain euskaldunetako 13 eta 14 urteko 29 gaztetxo elkartu dituzte udaleku horietan. Eguneroko bizimoduan euskara entzutera ohituak daudenak, proportzioan, gehiago izan dira, elkarrizketa euskaldunak sustatze asmotan. Hala, Gasteiz, Barakaldo, Gernika, Azpeitia, Oiartzun eta Zumaiako lagunak elkartu dituzte Mundakan.

Udalekuan zehar egindako ikerketaren ondorioak jakitera emango dituzte urrian. Antolatzaileak "pozik" daude edukitako harrerarekin, eta gazteek eta gurasoek esperientzia "aberasgarria" izan dute.

Bi helburu 

Mingaina Dantzan udalekuen lehenengo edizio honek bi helburu nagusi zituen. Batetik, eremu hain ez euskaldunetatik datozen gaztetxoek aisialdi ekintza entretenigarriak bizitzea euskaraz. Hartara, hizkuntza bera ongi pasatzearekin lotu dezaten. Bestetik, bilatu dute eremu euskaldunetatik datozenek ere euskarazko elkarrizketak mantentzea, gaztelerara jotzeko joera dutenen aurrean ere.

Oro har, balorazio "positiboa" egin dute, gehienbat nesken artean.

Sare sozialetan aktibo

Sare sozialetan argazki, bideo eta eduki ugari partekatu dituzte udalekuetako begirale eta koordinatzaileek.
Horiei esker, gurasoek euren seme-alabek zein ondo pasa duten ikusteko aukera izan dute. Datozen urteetara begira, partaide berriak animatzeko balio izango dutela uste dute antolatzaileek.

Izan ere, Mingaina Dantzan udalekuek aurrera jarraituko dute, eta gaztetxoen artean euskara sustatzeko ekintza berritzaile honek jarraipena edukiko du. Aurtengo esperientzia, behintzat, "ezinhobea" izan da haientzat.