Bizikidetza lantzeko jardunaldiak, urtarrilean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urt. 11a, 12:00
Hiru ekitaldi antolatu ditu udalak. Datorren asteazkenean 'S(u/a) minetik bakera' lana emango dute. Hilaren 23an, berriz, 'In dialogue' dokumentala. Eta urtarrilaren 30ean 'Gazteria, memoria eta transmisioa' mahai ingurua egingo dute, bi adituren eskutik

Gatazkak utzitako zauriak orbantzeko elkarbizitza landu beharra dago, eta, horretarako, udalerriek abagune aproposa eskaintzen dute; oinarrizko toki erakundeak dira, eta herritar askorengana iristeko aukera dute. Horixe aprobetxatu nahi du Gipuzkoako Aldundiak, Elkarbizitza eta Memoria sailak diruz laguntzen baititu ekimen asko. Horren emaitza dira hurrengo astean hasiko dituzten jardunaldiak. Urtarrilaren 16an, 23an eta 30an, arratsaldez, Villa Mirentxun, hiru ekitaldi antolatuko dituzte; bi ikus-entzunezko eta mahai inguru bat. 

Ikus-entzunezko lan eszenikoa izango da lehen ekitaldia, hurrengo asteazkenekoa. S(u/a) minetik bakera lanean bi emakumeren istorioak kontatuko dituzte. Biak dira Arrasatekoak, eta bien aitak hil zituzten. Zuzenean interpretatzeko sortua den musika konposizio baten bidez,  bi hilketek eragindako doluetan piztutako sentipenak eta hausnarketak lagunduko dituzte literatura erreferentziek, irudiek eta musikak. Beste ekitaldien antzera, 19:30ean izango da, euskaraz eta gaztelaniaz. 

Urtarrilaren 23an dokumentala emango dute: In dialogue. Ipar Irlandako gatazkari erreparatzen dio lanak, eta elkarrizketaren boterea erakusten du. Gatazka ikuspuntu desberdinetatik ikusten duten sei pertsona bildu dituzte mahai berdinean. 

Azkenik, mahai ingurua egingo dute, urtarrilaren 30ean. Irene Gantxegi eta Iker Usonek gidatuko dute: Gazteria, memoria eta transmisioa. Gantxegi Euskadiko Gazteria Kontseiluaren Bake eta Bizikidetza teknikaria da. Euskal Literaturan biktimek izandako errekonozimendua landu du bere doktore tesian. Uson gizarte langilea da, eta bakegintzan espezializatua. Ongi ezagutzen du Lasarte-Oria, Bizikidetzako mahaia dinamizatu baitu. Lasarte-Orian duela urte batzuk sortu zuten bilgune hori. Bertan udal ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartzen dute, PP izan ezik. Horrez gain, ideologia eta ikuspuntu politiko askotako herritarrek ere ekarpenak egiten dituzte.