Bizikidetza, filmeen bitartez lantzen

Nerea Eizagirre 2017ko ira. 9a, 11:00

Lasarte-Oriako Bizikidetza taldeak zine-zikloa antolatu du irailean zehar. Bakea, bizikidetza eta memoria landuko dituzte hiru jardunalditan. Filmez gain, solasaldiak ere izango dira, Maixabel Lasarekin eta Lourdes Zabalzarekin, esate baterako

Hiru urte dira Lasarte-Oriako Bizikidetza taldea lanean hasi zenetik. Geroztik, Baketik eta Lasarte-Oriako Udalarekin batera hainbat ekitaldi sustatu ditu. Urtarrilean egin zuen hausnarketaren ostean, taldeak berak herritarrekin eta herritarrentzat ekintzak antolatzea erabaki zuen. 
Bakea, bizikidetza eta memoria zine-zikloa dugu lehena. Saioak irailaren 12an, 14an eta 19an izango dira Antonio Mercero aretoan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. 

Hiru gai

Era honetara, memoria Gerra Zibilean oinarritutako Izarren argia filmaren eskutik landuko dute. Gainera, genero ikuspuntuari ere ukitu bat emango zaiola azpimarratu dute taldeko kideek. 

80. hamarkadako gertakari latzak eta bakegintzan emandako pausoak aztertuko dira bigarren saioan Oinatz galduak: 80. hamarkada dokumentalarekin. 

Azkenik, bizikidetza sustatzeko  2007 eta 2017 urte artean, aurrera eraman den Glencree ekimena izango da aztergai, Glencree, (bake prozesua), elkarrekin egindako bidea dokumentalari esker. 

Dokumentalak indarkeria ezberdinen biktimen esperientziak erakusten ditu. 

Solasaldia

Taldeko kideek aipatu dutenez, herritarrek haien ekarpenak egitea nahi dute, horregatik solasaldi txikia egingo da bi dokumentalen ostean.
Lehen eskuko esperientziak ezagutzeko aukera ere izango da azken saioan, Maixabel Lasa eta Lourdes Zabalza ekimeneko kideak bertan izango baitira. "Izaera ezberdinetako bi biktima ekarri nahi zan ditugu haien bizipenak kontatzeko", azaldu dute Bizikidetza taldeko lagunek.