Bigarren eguna, danborren erritmora

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 7a, 22:21
Sasoetarrek auzoko festetan murgilduta segitzen dute. Tanborrada izan da eguneko ekitaldi nagusia. Euren erritmoak markatu du bigarren ospakizun eguna

Eguraldi ona ere animatu da Sasoetako festetara etortzera. Eguzkia izan da nagusi zeruan egun osoan zehar, eta ederki baliatu dute herritarrek, festez gozatzen jarraitzeko. Tanborrada izan da gaurko menuko plater nagusia: danborjoleek markatu dute bigarren ospakizun eguneko erritmoa.

Goizean gaztetxoenen txanda izan da. Sasoeta ikastetxeko patioa erabili dute askok, futbol partiduak jokatzeko. Beste era batera dibertitu nahi izan dutenek Andatza plazan aurkitu dute bilatzen zutena: puzgarriak. Hamabiak aldera, Ttirriki-Ttarrakako trikitilari eta panderojoleak Andatzara jaitsi dira, eguerdia girotzera. Ez dira bakarrak izan, ordea: buruhandi bihurriak ere hurbildu dira, neska-mutilen atzetik lasterka egin eta izutzen saiatzera.

Goizeko ekintza mordoaren ondoren, Jaizkibel plazan bapo bazkaldu dute ehundaka lagunek: paella goxoa dastatu dute.

Tanborrada, eta beste hainbat gauza

Jendetza zagoen zain Andatza plazan, tanborrada noiz hasiko zain. Hori izan da gaurko ekitaldi nagusia. Horrez gain, beste hainbat: Rafafa magoaren emanaldia, Parkour ikuskizuna, sardina-jate herrikoia eta zunba.

Gauean ere bada zer egin eta ikusi Sasoetan: atzo bezala, Songa Dance delakoa egingo dute, eta zezensuzkoa aterako da gero (Andatza plazan). Jaizkibelen berriz, Stylo taldeak girotuko du gaua.

Argazki galeria