Betiko Udako Txokoak, aurrera

Ttakun Kultur Elkartea 2018ko api. 27a, 13:00

Aste oso gogorrak izan dira hauek Ttakun Kultur Elkartea osatzen dugunontzat. Oraindik ez dute ofizala egin, baina litekeena da udalak enpresa bati adjudikatzea udaleku irekiak

Aste oso gogorrak izan dira hauek Ttakun Kultur Elkartea osatzen dugunontzat. Oraindik ez dute ofiziala egin, baina litekeena da udalak enpresa bati adjudikatzea udaleku irekiak. Horrenbestez, lehen aldiz 1992. urtetik Ttakun ez da horietaz arduratuko. Elkarteak orain dela 25 urte sortu zituen txokoak, haurrei euskarazko espazioak emateko. Urte horietan guztietan proiektua eraiki dugu, balio pedagogiko eta hezitzaileak indartzeko. Aurten, ordea, aldaketa nabarmena egin du udalak; Udako Txokoak antolatzeko diru laguntza urteroko hitzarmenetik atera du, eta lehiaketa publikora atera du, lege arrazoiak argudiatuta. 

Ttakunek ez du zalantzan jartzen horren legezkotasuna. Bai, ordea, eraman den modua. Emaitza ikusi besterik ez dago; eskaintza ekonomikoa lehenetsi da kalitatearen gainetik, eta horregatik irabazi du enpresa pribatu batek. 

Mende laurdenez mimoz tratatu ditugu txokoak, kultur elkartearen zutabeetako bat baitira. Horregatik egin zaigu oso mingarria udalak eman dion trataera. Finean, enkantean jarri du gure egitasmoa, eta eskaintzaile onenak bereganatu du. 

Lehiaketaren emaitzak ez dira publikoak egin, baina udalak ohar bidez esan du Ttakunek baino puntu gehiago atera dituela beste enpresa batek. Albiste honi atxikia dago irakurgai agiri osoa. Bertan ez da azaltzen, ordea, lehiaketa desorekatua izan dela, alor ekonomikoak pisu handiagoa izan duelako. 

Izan ere, alderdi teknikoan Ttakunen proposamena da onena. Alde handiagatik. Baina kalitatea ezinbestean lotuta dago aurrekontuarekin. Lehiaketara aurkeztu den enpresak eskaintza merkeagoa aurkeztu du, eta Ttakunek ezin izan du prezio horrekin lehiatu. Ezta nahi ere; urteetan zaindu ditugu Udako Txokoak, eta denbora horretan lortutako kalitatea bermatu nahi izan dugu. 

Kosta egiten zaigu ulertzea udalaren helburua mota horretako lehiaketa bat aurkeztean. Zergatik horrenbeste pisu alor ekonomikoari? Lehiaketarako oinarriak irakurtzean ere zalantza asko sortzen zaizkigu. Izan ere, udalak erabaki du eskarmentua ez izatea proiektua aurkezteko baldintzetako bat. Alegia, edozein enpresa aurkez zitekeen txokoak kudeatzera. Zer bilatzen zuen udalak, lehiaketa sustatzea? Nori egin nahi zion mesede? Bistan da nor kaltetu duen. 

Gerora udalak hartutako jarrera ere ulergaitza zaigu.  Agitaratutako oharrean dio Ttakunek "euro bat ere" ez duela jarri zerbitzua kudeatu duen denboran. Ongi baino hobeto daki hori ez dela horrela. Eskainitako diruz lagundutako plazak mugatuak dira, eta urteetan dozenaka haur gehiago hartu izan ditu elkarteak diru laguntzarik jaso gabe, inor kanpoan ez uztearren. Txokoek izan duten bilakaera ezin da ulertu udalaren laguntzarik gabe, baina txokoetan parte hartzeko ordaintzen diren kuotak eta Ttakunen ekarpen ekonomiko propioa ere ezinbestekoak izan dira proiektua aurrera eramateko.

Edonola ere, Ttakunen ez gara geldirik egongo. Proiektuarekin jarraitzeko asmo sendoa daukagu, eta ez dugu inolako aukerarik baztertuko, nahiz eta diru laguntzarik ez jaso; Ttakunen eta familien baliabide hutsekin aurre egin beharko diogu. Aurtengo uda, beraz, berezia izango da. Baina ziur gaude, beti bezala,  Lasarte-Oriako herritarren eta herriko elkarteen laguntza izango dugula.