"Beste mugarri bat ezarriko dugu igandean"

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 5a, 17:33
Donostia, Gasteiz eta Bilbo lotuko ditu igandean Gure Esku Dago-ren giza kateak. Herritarrei Belartzako biribilgunetik Ugaldea arteko bi kilometroak egokitu zaizkie. Okendon geratu dira, 10:00etan. "Festa giroan" parte hartzeko gonbita luzatu dute.

Egun gutxi falta dira. Igandean beste mugarri bat ezarri nahi du Gure Esku Dago-k; giza kate baten bidez lotu nahi ditu Donostia, Bilbo eta Gasteiz. Lasarteoriatarrek ere izango dute zeregina horretan. Belartzako biribilgunetik Ugaldea industriaguneraino ezartzea egokitu zaie. Maider Segurola, Idoia Garzes, Marijo Goizueta eta Joxean Lopez lanean aritu dira dena prestatzen. Azken hilabeteetan hitzaldiak eta mahai inguruak antolatu dituzte herrian, erabakitzeko eskubidearen eztabaida plazaratzeko. Orain, "jai giroan gozatzea" besterik ez da falta. Larunbata arte izena emateko aukera dago oraindik. Igandean 10:00ean geratuko dira Okendo plazan, giza katera abiatzeko.

"Ekarri pankartak, postitak, hamaiketakoa, aldarrikapenak...". Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekintza soila ez, "festa handi bat" iragarri dute mugimenduko Lasarte-Oriako kideek. "Mugarri bat ezarriko dugu igandean".

11:30erako egon beharko dute partaideek kilometroan. 9. eta 10.ak izango dira. Eguerdian hasiko da ekintza, eta ordu erdi iraungo du. Ondoren, festak hiriburuetan jarraituko du.

Lasarte-Oriatik 1.000 pertsona inguru joan beharko lirateke, herriari dagokion zatia osatzeko. Zapiari helduta osatuko dute katea. Antolakuntza lan handia eskatzen du gisa honetako ekimen batek, eta, horregatik, ezinbestekoa zaie aldez aurretik prestatzea. Horretarako ireki dituzte izen emateak azken aste hauetan.

Zergatik eta zertarako erabaki? Galdera hori buruan hasi zuten ikasturtea Lasarte-Oriako ekintzaileek. Galdera horri erantzuteko, hainbat ekimen antolatu dituzte. Batetik, Juanjo Alvarezen hitzaldia, eta, bestetik, lau aditurekin solasaldia. Gero, maiatzaren 19an egin zuten aurkezpena. "Jendeak bere nahiak idatzi zituen. Norberak bere aldarrikapenak ere eraman ditzake giza katera", esan du Garzesek. 

Egindako lanarekin gustura dago laukotea. "Erabakitzeko eskubidea interesa pizten duen gaia da, eta jendeak ongi erantzun du", dio Segurolak.  Aurkezpenean ere jende ugari atera zen kalera, eta zergatik erabaki nahi duen adierazi zuen. 

Galdeketa iaz
Gure Esku Dago-ren olatuak iaz jo zuen goia, herrian egin zuten herri galdeketarekin. Oraingo ekitaldiarekin aldea nabaritzen dute ekintzaileek. "2.000 pertsonak baino gehiagok bozkatu zuten, bazegoen giroa herrian. Iaz bazegoen beste egoera bat, galdeketa zehatzagoa da agian, giza katea abstraktuagoa da", uste du Garzesek.

Dena den, gaia plazaratzeaz gainera, indarra jarri dute alor batean: erabakitzeko eskubidearen adiera zabala da. Gizarte gai askori eragiten baitio eskubide horrek, nahiz eta askotan kutsu politikoa nagusitzen zaion. Erraustegiak eta hondakinen kudeaketak sortutako eztabaida publikoa da horren adibide. "Iazko galdeketan, hain zuzen, arrazoi horrengatik bi galdera planteatu ziren. Zure intereseko gaietan erabakitzeko eskubidea nahi duzu?, zen horietako bat", azaldu du Segurolak. Aurten eginiko eztabaida eta mahainguruetan ere gai horiek azaleratu dituzte. "Oso galdera potoloa dirudi. Baina gure bizimoduari eragiten diote gauza txiki askok, eta denok daukagu zeresana, iritzia emateko eskubidea. Hori gizarteratzea izan da gure lana".

Mugimendu anitza
Askotariko jendeak osatzen du Gure Esku Dago dinamika, eta horixe islatzen saiatu dira. "Denentzako irekia da, ez da independentisten bilgunea", ohartarazi du Garzesek. Hain justu, erabakitzeko eskubideak batzen ditu. "Guri eragiten diguten gaien inguruan iritzia eman nahi dugu. Zein aldetara egiten dugun gutxienekoa da. Iazko herri galdeketan ere egon ziren ezezkoa bozkatu zutenak. Baina erabaki egin zuten".