Beste astinaldi baterako lanean

Adrian Garcia 2017ko abe. 15a, 12:15
'Euskarak 365 egun' ekimenaren barruan 2018an Lasarte-Orian egingo diren ekintzak lantzen hasi dira. Euskararen I. Maratoi Erdia egin nahi dute, esperientzia berri bat probatzeko: 'belarriberri'. Talde Eragilean parte hartzera dei egin diete herritarrei

Euskal Herrian euskararen ezagutzak gora egin du azken hamarkadetan, batez ere hezkuntzari esker. Erabileran neurtzen da, ordea, hizkuntza baten bizitasuna, eta alor horretan euskara oraindik erdal hizkuntzen itzalpean bizi da toki askotan. Horregatik, hizkuntzalari eta euskaltzale askok uste dute hiztunak motibatu behar direla; aktibatu, erabilera sustatzeko. Ikusita iazko Euskararen Maratoiaren emaitza onak, herriko euskalgintzak olatu hori aprobetxatzeko oinarriak finkatu nahi ditu, 2018an Lasarte-Orian hizkuntza ohiturei beste astinaldi bat emateko. 

LasarteTop Lasarte-Oriako euskalgintzaren topaketan hasi dira lanketa hori egiten. Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, herriko ikastetxeetako zuzendariak, AEKko zuzendaria, Ttakun Kultur Elkarteko arduradunak eta Maratoiko Zortzikoteko kideak izan dira bilera horretan, besteak beste. 

Euskarak 365 egun ekimenaren lehenengo urrats bezala dute 2018. urtea, eta euskaltzaleak aktibatzeko baliatu nahi dute. Euskal Herri osoan 11 egun euskaraz ekimena egingo dute -izena zehazteko dago oraindik?, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Lasarte-Oriako ereduari jarraikiz, 11 egun horietan ahobiziz eta belarriprestez bete nahi dituzte herriak.

Epe luzerako proposamenei ere heldu diete. Bide horretan, 2019. urtean mota guztietako entitateen babes neurriak izango dituzte helburu. Izan ere, hizkuntzaren normalizazioaren ardura partekatua da, pertsonena eta entitateena. Era horretan, baldintza oztopatzaileak ken ditzatela sustatu nahi dute. 

Eta Lasarte-Orian zer? 

Euskal Herrian egin nahi den egitasmoaren antzekoa egin zen iaz Lasarte-Orian, eta horregatik, herriko euskalgintzak  beste mota bateko proposamena du buruan, 40 egun euskaraz erronkaren "errepikapena izan ez dadin". 

Alde horretatik, esperientzia berritzaile bat probatu nahi dute: belarriberri. Orain arte bezala, ahobiziak eta belarriprestak izango dira ekimenaren ardatza. Hau da, euskaraz hitz egitera konprometitzen direnak batetik, eta bestetik, euskara jasotzeko prest daudenak. Baina horiek beste eginkizun bat ere izango dute: 11 egun horietan belarriberri gonbidapen txartela emango diote euskaraz ulertzen ez duen bati. 

Gonbidapen horrekin, 30 orduko doako prozesu bat eskainiko zaio, gutxieneko ulermen batera iristeko baliabideak jaso ditzan. Gainera, ahobizi laguna ere eskainiko zaie, praktika prozesu horrekin jarraitu ahal dezan. Mintzalagunaren antzeko pertsona bat izango da. 

Ekintza horiek indartzeko, "dinamizazio ekintza alaiez" inguratzea proposatu dute, kasu honetan Euskararen I. Maratoi Erdia antolatuta. Erronka hasteko erreferentzia gisa balioko luke, izen emateak sustatzeko, eta, bide batez, egitasmo kolektiboa dela ikusarazteko. Hogei orduko dinamizazio lana egitea dute buruan, erronkak irauten dituen 11 egunean egunero hitzordu bat ezarrita. 

Talde Eragilea 

Euskarak 365 egun ekimenaren alde lan egiteko gogoa duen orok Talde Eragilean izena eman dezake. Egitasmoaren helburuak eta filosofia herritarren artean zabaldu beharko dute kideek. Ttakun elkarteak koordinatuko du, baina egitura horizontala izango du. Izan ere, Euskararen Maratoian ikusi denez, herritarren inplikazioak egin dezake proiektua arrakastatsua.