Bertsotan beteranotasuna garaile

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 10a, 09:00
Gipuzkoa Bertsotan Gipuzkoako Bertso txapelketako faseko lehen saioak dira asteburu honetan. Unai Muñoa herritarrak atzo Astigarragako saioan kantatu zuen eta lehenengo postua eskuratu zuen. Earra! Bertso eskolako Beñat Iguaran eta Asier Azpiroz kideek, berriz, gaur 11:30ean Idiazabalen dute saioa.

Nahiz eta txapelketara prestakuntza falta zuela esan, Unai Muñoaren beteranotasuna gailendu zen atzo Gipuzkoako Bertso txapelketako sailkapeneko lehenengo saioan.

Andoni Goitia, Imanol Irazustabarrena, Gemma Urteaga, Oier Aizpurua, Hodei Iruretagoiena, Haritz Mujika eta Mikel Iturriotzekin batera, Gipuzkoa bertsotan sailkapen faseari hasiera eman zioten Astigarragan. 

Kultur etxeko aretoa lepo zegoen sailkapen faseko lehen saioa hasteko zain eta ederki hasi zen jaia Muñoarentzat.

Ofizioetan ongi ibili zen eta ongi erantzun zituen beste bertsolarien ekinaldiak. Ikusleen aurrean, esperientzia erakutsi eta Txintxarriri esan bezala, diskurtsoa, edukiak, ikuspuntuak eta iritziak landu zituen.

Muñoak saio erregularra egin zuen eta hori epaian ikusi zen. 298,5 puntu eskuratu zituen eta 1,5 puntuko errenta atera zion bigarren sailkatuari.

Bigarren Gemma Urteaga izan zen 297 punturekin; hirugarrenak, Goitiak 296,5 puntu eskuratu zituen; Hodei Iruretagoiena izan zen laugarren 286,5 punturekin; Aritz Mujikak eskuratu zuen bosgarren postua 279,5 punturekin; Imanol Irazustabarrena seigarren izan zen, 276,5 puntu; zazpigarren Mikel Iturriotz izan zen 275,5 punturekin eta azkenik Oier Aizpuruak 267 puntu egin zituen.

Gaur goizean, berriz, 11:30ean Idiazabalen Earra! bertso eskolako Iguaran eta Azpiroz egongo dira lehian.