Bertsolari Txapelketa Nagusiaren errepasoa, Ttakunenean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 10a, 20:55
Ane Labakak eta Imanol Lizardik gidatutako solasaldian, lasarteoriatarrek Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa errepasatu dute, Ttakunenean

Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruz hitz egin dute zenbait herritarrek Ttakunenean, asteazkenean. Ane Labakak eta Imanol Lizardik gidatu dute solasaldia: Iruñeko saioa, finalaurrekoetako azkena izan dute hizpide bertan bildutakoek.

Aitor Sarriegik bildu zituen puntu gehien abenduaren 2an jokatutako finalaurreko horretan. Ia hiru mila pertsona elkartu ziren Anaitasuna kiroldegian. Honela geratu zen behin betiko sailkapena: Aitor Sarriegik, 698.5 puntu; Aitor Mendiluzek, 696.5; Unai Agirrek, 696; Miren Amurizak, 652; Alaia Martinek, 649.5; eta, azkenik, 646 Oihana Iguaranek.

Abenduaren 17ko final handian zortzi bertsolari ariko dira, txapela nork jantziko: Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi. Barakaldoko BEC aretoan abestuko dute.