Bertsoen eta literaturaren fragantziak

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko ots. 18a, 17:31
Irakurle Txokoak bertso afari literarioa egin du, laugarren urtez. Ane Labaka, Nerea Ibarzabal eta Uxue Alberdi aritu dira kantuan; Lander Garro idazleak jarri ditu gaiak. Lepo bete da Xirimiri aurten ere

"Liburu definitiboak irakurlea behar du", bota du Uxue Alberdik bertsoetako batean. Liburuek, irakurleak; bertso afariek, ikus-entzuleak. Irakurle Txokoak Lasarte-Orian antolatzen duenak bermatuta dauzka. Are gehiago saioak atzokoa bezalako mailakoak direnean: bertsoen eta literaturaren esentzien poteak ireki, eta fragantziak atera ziren kanpora. Geratu ziren herritarren jantzietan, baina baita buru eta bihotzetan ere. Ederki aritu ziren Ane Labaka, Nerea Ibarzabal eta Uxue Alberdi kantuan; Lander Garro idazlea arduratu zen gaiak jartzeaz.

Hilero-hilero elkartzen dira Irakurle Txokoko kideak, hilabete bakoitzeko hirugarren asteartean, Ttakunenean. 18:30ean elkartzen dira, eta saio bata eta bestearen artean irakurri duten liburuari buruz hitz egiten dute, giro ederrean. Kide ia guztiak egoten dira presente, baina ez denak. Aitzol Iriondo preso daukate herritik 700 kilometrora, eta fisikoki joan ezin badu ere, gainontzeko kideak arduratzen dira saioak grabatzeaz eta berari bidaltzeaz. Iriondok hilabetean hilabeteko liburua irakurtzen du, eta, ondoren, hausnarketak grabatu eta Irakurle Txokora bidaltzen ditu.

Atzoko bertso afari literarioan ere egon zen presente "Irakurle Txokoko ikasle finena", Liher Unanue kideak sarreratxoan azaldu zuenez, umorez. Lau minutuko audio bat prestatu zuen Iriondok, eta hona bidali, atzoko ikus-entzuleek entzun zezaten. Azken hiru urteetako saioetako hainbat fragmentu hartu, eta puzzle bitxi eta hunkigarria osatu zuen Iriondok. "Momentu eder asko oroitu ditugu pieza honi esker", esan zuen Unanuek. Emozioak, beraz, saioa hasi aurretik hasi ziren dantzan.

Emozioen aurretik, ordea, platerek, sardeskek eta labanek dantzatu zuten. Afari goxoa dastatu zuten Xirimiri lepo bete zuten ehun bat ikus-entzuleek: arroz rissottoa, txahal biribilkia saltsan, eta hostopil tarta. Ostean, kafeak eta kopak.

Unibertso literarioan murgilduta

Hiru bertsolariak mahaitik altxa eta Lander Garrok proposatutako gaiak entzuten hasi ziren, adi-adi. Proposatutako gai bakoitzarekin, imajinazioaren espazio-ontzian sartu, eta unibertso literarioan murgildu ziren.

Hona atzoko lehenengo egoera: irakurri ote dute Labakak, Ibarzabalek eta Alberdik libururen bat, bukatu ostean bizitza aldatu diena, oso garrantzitsua izan dena? Janis Joplin musikaria aipatu zuen Anek, eta aurrenekoz "inbidia sentitzea" zer den sentitu zuela adierazi, berari buruz irakurri zuenean. Nereak Harkaitz Canoren Twistekarri zuen gogora. Uxuek, berriz, Eider Rodriguez idazleari (aurreko urtean bera izan zen gai-jartzailea) aitortza ederra egin zion. Bide bera urratu zuen Nereak gero: "Eiderren bakteriak barruraino jaten gaitu".

Garrok tentuz prestatu zituen gaiak, eta estualditxo bat baino gehiagotan jarri zituen bertsolariak. Hasier Etxeberria zenak liburu bat utzi ziola kontatu zuen idazleak. Pierre Ballard frantsesak idatzi zuen, eta, besteak beste, esaten du zalantzan jartzen duela liburuak irakurri beharra gero haiei buruz idazteko. Bestela esanda, nahikoa dela adituren baten laburpen on bat irakurtzea: irakurleari emango dizkio hiruzpalau gako garrantzitsu, eta horrekin aski izango du obra horretaz jarduteko ostera. Ariketa hori egin behar izan zuten Ane Labakak eta Uxue Alberdik. Gai-jartzaileak bakoitzari liburu batzuk izendatu zizkion, eta bertsolariek ikus-entzuleak konbentzitu behar izan zituzten: baietz, irakurri zituztela liburu horiek, benetan horrela izan ez bazen ere. Simon de Beauvoirren Besteen Odola eta Leon Tolstoiren Anna Karenina hautatu zituen gai-jartzaileak Uxuerentzat, eta George Orwellen 1984 eta William Shakespeareren Hamlet Anerentzat.

Denetariko ateraldiak otu zitzaizkien bertsolariei: Adibidez, saiatu zen Ane, baina azkenean aitortu zuen ezetz, ez duela irakurri Orwellen liburua, eta pelikula ere ez duela ikusi. Gogotik egin zuten barre guztiek. 

Gai gehiago ere landu zituzten: perbetsoa izan arren, ea zilegi ote den heldu eta haur baten arteko harreman pedofiloez idaztea (Jon Miranderen Haur Besoetakoa adibidetzat hartuta), idazleen lori eta betikotasun nahia, gazteei ea zein garaiko obrak eman irakurtzeko edota Koldo Izagirreren liburu bateko pasarte batean oinarritutako egoera: Uxuek bete zuen idazlearen papera, Anek zioen osorik ulertu zuela idazkera oso jasoa izan arren, eta Nereak ez zion sinesten. 

Hiruen agurrak

Ordu eta erdiz aritu ziren bertsotan Labaka, Ibarzabal eta Alberdi. Gustura zaudenean azkarrago egiten dute lasterka segundo, minutu eta orduek, eta hori gertatu zen atzo ere. Penaz hartu zuten ikus-entzuleek albistea: gaiak bukatu zirela esan zuen Lander Garrok, baina mahaietatik altxa aurretik agur bertsoak bota zituzten hiruek.

Nerea Ibarzabal: Ze leku goxo, ze konpainia, ze gai-jartzaile jantzia/ duda bakar bat daukat nik orain, esango dut beraz ia/ ze potetxotan erun dezaket zuen denon fragantzia.

Ane Labaka: Literaturak uztar ditzazke bertsoak eta leiendak/ guk berrasmatu esan nahieko hitzak ta esateko erak/ zapore ona utziko digu gaur hartutako tankerak/ literaturak sortzen ditunez maiz hurbiltzeko aukerak/ zuentzat muxu goxo-goxo bat ta Aitzolentzat beste bat.

Uxue Alberdi: Azken astetan Lander bazendun penatzeko motiboa/ lehenengo berak jaitsia eta ondorengora igoa/ baina etorri eta gainditu duzu ongi bertigoa/ zure ondoan edozer gauza, Lander beti ongi doa/ eskerrik asko etortzearren, lagun definitiboa.